Rat Islandeko arratoiak suntsitzeko prest
2008/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Alaskako hego-mendebaldeko Aleutiar uharte-katean, uharte txiki bat arratoiz josita dago. Ezaugarri berezi horrek ematen dio izena, hain zuzen: Rat Island. AEBko gobernua plan bat prestatzen ari da uharte horretako arratoiak suntsitzeko, sarraski izugarria eragin baitute uharte horretan eta ingurukoetan.
1780ko hamarkadan, Japoniako itsasontzi batetik lehorreratu ziren arratoiak, eta harrezkero uhartearen jaun eta jabe egin dira. Hori bakarrik ez; uharte horretako itsas hegazti gehienak akabatu dituzte, haien arrautzak, txitak nahiz ale helduak jaten baitituzte, eta inguruko beste uharte batzuetara ere iragan dira, igerilari apartak baitira arratoiak.
AEBko gobernuak martxan jarriko duen planak bi helburu nagusi ditu: bat, uharte horietako arratoiak akabatzea, eta, bestea, inguruan ibiltzen diren marinelak jabetzea itsasontzietan aurkitzen dituzten arratoiak hil behar dituztela. Lehenengo helburua aurrera eramateko, arratoiei pozoi antikoagulatzaile bat emateko asmoa dute; eta bigarrena gauzatzeko, jarraibide zehatzak ematen dituen liburuxkak banatuko dituzte marinelen artean: ontzian ikusten dituzten arratoi guztiak hil behar dituzte, janaria eta hondakinak arratoiak ez iristeko moduko ontzietan gorde, arratoi bizirik ez bota uretara, eta abar.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia