Quasarrak ikertzeko: simulazioa

Misterio bat da. Zergatik hazten dira zulo beltzak tamaina bateraino bakarrik? Horri erantzun nahian simulazioa erabili dute Pittsburgh-eko unibertsitate bateko (AEB) Tiziana di Mateo astrofisikariak eta haren taldeak.

Simulaziorako quasarra hartu dute oinarri; izan ere, quasarra masa handiko gune distiratsu bat da, erdian zulo beltz bat du, eta inguruko izarrak irensten ditu. Bada, dirudienez, quasarrek irents dezaketen baino gas gehiago erakartzen dute batzuetan; gas horren zati bat irentsi egiten dute, baina gainerakoa bota egiten dute zorrotadaka. Eta, denborarekin, quasarra hil egiten du prozesu horrek —zulo beltzak hazteari uzten dio—.

Simulazioa egiteko superordenagailu bat erabili dute. Eta oinarri gisa elkar jotzera doazen bi galaxia hartu dituzte (irudian prozesuaren sekuentzia ematen da goitik behera). Galaxia horietako zulo beltzek bat egiten dute eta zulo beltz erraldoi bat osatzen dute, quasarra, alegia. Quasarrak bota egiten du gasa espaziorantz. Eta, halako batean, hazteari uzten dio, eta bikotea barreiatu egiten da.

Nagore Rementeria Argote

Elhuyar Zientzia Kimika Zientziak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan ari da 2003ko otsailetik Elhuyar Fundazioan.

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian erredaktore lanak egiteaz gain, irratian ere aritu izan da: aurkezle gisa egin zituen hainbat urte Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrillean Guillermo Roarekin batera.  Gaur egun Teknopolis telebista-saioko erredaktorea da,  ETBrentzat Elhuyar Fundazioak ekoizten duen saioan.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali