}

Quarken korapilatze kuantikoa behatu dute lehenengoz

2024/09/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

quarken-korapilatze-kuantikoa-behatu-dute-leheneng
Arg. CERN

Quarken arteko korapilatze kuantikoa behatu dute lehenengoz, LHCren ATLAS detektagailuan. Nature aldizkarian eman dute lorpenaren berri

Fotoien eta elektroien arteko korapilatze kuantikoa (non korapilatutako partikulen egoera kuantikoak lotuta dauden, nahiz eta espazioan banatuta egon) askotan behatu da 1960ko hamarkadatik aurrera. Behaketa horiek energia txikiko inguruneetan (tenperatura oso hotzetan) egin ohi dira. Partikulen talkak askoz energia handiagoko prozesuak dira, eta kondizio horietan korapilatze kuantikoak behatu ahal izatea askoz zailagoa da. Bada, horixe lortu dute LHC talkagailuan: protoiek talka egitean sortzen diren partikulen korapilatzea behatzea.

Talka horietan sortutako milioi bat quark pare inguru aztertu zituzten; zehazki t quarken (top edo “gaina”), anti-t quarken pareak. Oinarrizko partikulen artean astunenak dira t quarkak (gainerako quarkak baino milaka aldiz astunagoak) eta, anti-t quarkak, berriz, haien kontrako antimateria dira. Bada, azterketa horietan korapilatzearen ebidentzia ugari topatu dituzte, eta LHCren beste detektagailu nagusian ere, CMSn, berretsi ahal izan dute quarken arteko korapilatzearen behaketa.

Protoi-talka batetik sortutako t eta anti-t quarkek bizitza oso laburra dute: 10-25 segundokoa. Berehala bizitza luzeagoko partikulak osatzera jotzen dute; baina hain da azkarra prozesu hori, non ez baitie denborarik ematen quarken spinaren informazioa galtzeko, eta sortutako partikula horiek quarken informazio hori gordetzen dute. Horixe da neurtu dutena, eta ikusi dute quarken spinak korapilatuta daudela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia