}

Pumaren joan-etorrien salataria den birusa

2002/07/19 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Animalien populazioen migrazioak aztertzerako orduan, DNA oso tresna baliagarria da zientzialarientzat. Espezie beraren baitan egon daitezkeen populazio ezberdinen DNA aztertuz, talde bakoitzaren bilakaeraren informazio asko lor daiteke.


Hala ere, luze bizi diren eta ondorengo gutxi izaten dituzten animalietan, DNAk ez du informazio gaurkotua lortzeko balio, espezie horietan aldaketa genetikoak oso geldo gertatzen baitira.


Montanako Unibertsitateko biologo-talde batek Mendi Harritsuetan bizi den pumaren ( Felis concolor ) bilakaera aztertzeko bide berri bat azaldu du. Biologo horiek katuetan agertzen den hiesaren antzeko gaitza aztertu dute: katuen immunoeskasia. Gaitzak etxeko katuetan hiesaren antzeko sintomak sortzen ditu. Pumetan, aldiz, ez du inolako gaitzik sortzen, eta gainera, haien genoman txertatuta dagoela ikusi dute zientzialariek: amagandik kumeetara pasatzen da birusaren genoma.


Birusak oso aldakortasun handia du, urtero haren genomaren % 1 aldatzen dela kalkulatu baitute zientzialariek. Birusaren aldakortasuna aztertuz, Mendi Harritsuetako pumen populazioak bereiztu ahal izan dituzte, eta azken hamarkadetan mendietan zehar egin dituzten migrazioak aztertzeko gai izan dira.


Azterketetan, oso aldenduta zeuden populazioetan birusaren sekuentzia antzekoak agertu dira, eta baita oso ezberdinak diren sekuentziak ere gertu zeuden populazioetan.


Beraz, pumaren kasuan birusaren aldakortasuna informazio-iturri oso egokia dela dirudi. Lortzen den informazio horrek guztiak asko lagunduko du animalia horren kontserbazioan, babestu beharreko lurraldea zehazki zein den jakitea ahalbidetuko duelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia