}

Proteomaren ikerketa bateratua lortzeko lehen ahaleginak

2002/05/06 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Giza genoma argituta omen dago jada. Orain, genomatik abiatuz, proteinak identifikatu eta zer funtzio betetzen dituzten jakitea da zientzialarien helburu nagusia.

Proteoma izaki bizidun bakoitzak bere baitan dituen proteina guztien multzoa da. Aurreko urtean, proteoma aztertzeko sor daitezkeen ekimen pribatuak mugatzearren, HUPO deritzon nazioarteko erakundea sortu zen. HUPO edo The Human Proteome Organization delakoa nazioarteko industriak, unibertsitateetako ikertzaileek eta gobernuetako ordezkariek osatzen dute. Proteomaren ikerketa bateratua eta elkarlana bultzatu nahi ditu erakundeak, enpresa pribatuek proteomaren datuak merkataritza-sekretu bezala gordetzea eragozteko. Elkarlanarekin, mundu osoko ikertzaile-taldeek erabili ahal izango duten datu-base izugarria sortzea espero da.

Helburu hori lortzea, hala ere, ez da batere erraza izango, proteomaren ikerketak dituen zailtasunak kontuan hartuz gero. Har dezagun, adibidez,
proteina-kopurua: giza genoman 30.000-40.000 gene daude; proteoman, aldiz, 200.000 eta 2 milioi proteina bitartean,
zelula-motaren arabera. Baina hori, zailtasunik arinena da.

Proteina bat osatzen duen aminoazido-sekuentzia ezagutzea ez da nahikoa proteinaren funtzioa zein den jakiteko. Lehenik eta behin, proteina zein genek kodetzen duen jakin behar da. Gero,
aminoazido-sekuentzia nola tolesten den eta beste molekularik elkartzen zaizkion edo ez argitu behar da. Azkenik, proteinak zer funtzio betetzen duen jakin behar da.

Beraz, proteomarekin, genomarekin ez bezala, identifikazio-arazoak biderkatu egiten dira. Hori dela eta, HUPOren ustez, ezinbestekoa izango da zientzialari-taldeen arteko elkarlana identifikazio osoa egiteko. Argi dago genomarekin baino askoz ere luzeago joko duela proteomaren azterketak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia