}

Proteinak lekua hartu dio geneari

2001/01/11 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Bakterio baten proteoma, proteina guztien multzoa, argitu du Frantziako Hybrigenics enpresak. Lehenengoa da.

Joan den urtean laudorio guztiak genomak jaso bazituen ere, benetako informazio garrantzitsua proteinetan dago, genoma osatzen duten letrek kodetzen dituzten molekuletan. Proteinek nola elkar eragiten duten jakinez gero, zenbait gaitzen kontra borrokatzeko arma eraginkorragoak eskura ditzake gizakiak.

Frantziako ikerlariek bakterio baten proteinen elkarrekintza azaltzen duen lehen mapa osatu dute. Bakterioa Helicobacter pylori da eta gizakien hesteetan egoten da maiz. Han ultzerak eragiten ditu.

Egoitza Parisen duen Hybrigenics enpresako Pierre Legrain-en taldeak egin du ikerketa eta H. pyloriren proteinen arteko 1.200 elkarrekintza inguru identifikatu ditu. Elkarrekintza horietan bakterioaren proteina guztien erdiek parte hartzen dute. Proteinen arteko elkarrekintzak aztertzeak portaera biologikoak argitzen ditu eta proteinak zer egingo duen aurresaten laguntzen dio ikertzaileari. Ikerketa honetan, esaterako, H. pylorik hainbeste lagun (munduko populazioaren erdia) nolatan kutsatu dituen argitu du.

H. pylorirentzat bezala, legamia eta zizareekin ere osatu dira era horretako mapak, baina ikerketa beste modu batean egin zen horietan. Hybrigenics-en proteina osoak erabili ordez proteina-zatiak erabili dituzte elkarrekintzak aztertzeko, eta askoz informazio gehiago lortu dute.

Hala ere, arretaz aztertu behar dira datu guztiak, proteinak ingurune naturaletik kanpo ikertu direnez, elkarrekintzak ez direlako errealak. Legrain-en taldeak eurek aurkitutakoa baieztatuko duten ikerketa gehiago behar direla onartu du, baina teknikaren baliotasunaz ziur dago. Teknika bizidun handiagoetan ere aplika daitekeela adierazi du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia