Elektrizitatea garraiatzeko eta biltegiratzeko gaitasuna duten proteinak sortu dituzte CIC biomaGUNE, BCMaterials eta CIC energiGUNE ikerketa-zentroetako ikertzaileek. Proteina horiek material eroale jasangarri, eraginkor eta biobateragarriak sortzeko erabil daitezke. Oso material egonkorrak eta prozesatzeko errazak dira, eta, horri esker, prozesu industrialetan integra daitezke.
Laborategian diseinatu dituzte proteinak elektrizitatea modu eraginkorrean eroan dezaten. Horretarako, proteina ekoizteko jarraibideak dituen DNAn aldaketa genetikoak egin zituzten.
Proteinan egindako aldaketek materialaren barruko ioien mugimendua erraztea lortu zuten, eta proteinak arrakastaz integratu ahal izan ziren energia biltegiratzeko gailu eraginkor batean.
Etorkizunean, proteina eroaleetan oinarritutako material horiek ordeztu litzakete baterietan eta superkondentsadoreetan erabiltzen diren material eroale tradizionalak, eta hala, askoz seguruagoak izango lirateke giza gorputzarentzat. Bereziki interesgarriak dira gailu bioelektronikoak garatzeko, hala nola taupada-markagailuak, glukosa-sentsore inplantagarriak edo garuneko elektrodoak, zeinak parkinsona eta beste zenbait gaixotasun tratatzeko erabiltzen baitira.
Advanced Materials aldizkarian argitaratu dute lana.







