Prostata oso bat, zelula ama batetik
2008/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zelula ama bakar batetik abiatuta, ugatz bat osatu zuten 2006an, eta, harrezkero, prostata batekin gauza bera egiten saiatu dira adituak. Eta lortu dute. Genentech laborategian, sagu bati zelula ama bat erauzi diote prostatatik, eta, zelula hori saguaren giltzurrunean txertatuta, beste prostata bat garatu du saguak. Ikerketak, gainera, espero ez zuten emaitza bat izan du, prostatarekin lotzen ez zuten DNAren gune bat identifikatu baitute, CD117+ izenekoa. Gune horren parte-hartzea nahitaezkoa da prostataren garapenerako. Aurrerapauso handia izan da organoak birsortzeko ikerketan, baina, oraingoz, oso ikerketa mugatua da, organo gutxi batzuk baino ez baitira egokiak teknologia hau aplikatzeko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia