Proiektu inspiratzailea: nola eragiten du ureztatzeko erabiltzen den ur-kantitateak landareen hazkuntzan eta garapenean?

Pernan Goñi


Gaia

Nekazaritzan erabiltzen diren ureztatze-sistemak

Testuingurua

Ura da nekazaritzako baliabiderik baliotsuenetako bat, funtsezkoa baita landareak hazi eta garatzeko. Hala ere, nekazaritzan ureztatzeko behar baino ur gehiago erabiltzeak arazo larriak sor ditzake ingurumenean; adibidez, akuiferoen gehiegizko ustiapena.

Laborantza-teknika batzuetan, hala nola aspertsio bidezko ureztapenean, behar baino ur gehiago kontsumitzen da; izan ere, erabiltzen den ur guztia ez da iristen landarera, eta, lurrunketagatik eta isurketagatik, ura galtzen da. Aitzitik, badira ureztatze-teknika efizienteago batzuk, hala nola tantakako ureztatzea, ura modu eraginkorragoan erabiltzeko aukera ematen dutenak eta baliabideak alferrik galtzea saihesten dutenak. Gainera, ura modu efizienteagoan erabiltzen duten ureztatze-teknikek laboreen produktibitatea eta errentagarritasuna handitzea ekar dezakete.

Beraz, garrantzitsua da uraren erabileraren efizientzia optimizatzea, nekazaritzako etekinak maximizatzeko, kostuak murrizteko eta baliabide naturalak zaintzeko.

Ikerketa-galdera

Nola eragiten du ureztatzeko erabiltzen den ur-kantitateak landareen hazkuntzan eta garapenean? Berdinak dira ureztatze-sistema guztiak? Zein da eraginkorrena?

Ikerketaren helburuak

  • Ureztatze-sistema batzuen efizientzia eta jasangarritasuna aztertzea.
  • Ureztatze-sistemaren arabera landareek duten errendimendua aztertzea.
  • Ureztatze-sistemek ekoizpen-kostuetan dituzten eraginak ebaluatzea.
  • Nekazaritzan uraren erabilera optimizatzeko dauden aukerei buruz hausnartzea.

Esperimentaziorako proposamena

  • Nekazaritzan erabiltzen diren landareen ur-beharrei buruzko eta ureztatze-sistemei buruzko informazioa aztertu.
  • Familian edo inguru hurbilean dauden nekazariek erabiltzen dituzten ureztatze-sistemak ezagutu eta haien inguruko informazioa arakatu: Zergatik erabiltzen dituzte ureztatzesistema horiek? Izan dute inoiz ureztatzeko arazorik? Nola kudeatzen dute ura?...
  • Esperimentua egiteko erabiliko diren landareak aukeratu. Urbehar desberdinak dituzten espezieak aztertu daitezke.
  • Landareak ureztatzeko sistemak aukeratu: gainazaleko ureztaketa, aspertsio bidezkoa, tantaz tantako ureztaketa…
  • Landareak ontzietan jarri, eta bakoitzari dagokion ureztatzesistemarekin ureztatu. Nekazaritzan erabiltzen diren ureztatzesistemak imitatu behar dira, sistema bakoitzean erabili den ur-kantitatea eskala txikira ekarriz. Adi, oso garrantzitsua da ontziak ondo etiketatzea.
  • Ureztatze-sistemaren efizientzia aztertu, zenbait neurketaren bidez (landareen tamaina, biomasa-kantitatea, erabilitako urkantitatea, estomen behaketa mikroskopioarekin…).
  • Zenbait ureztatze-sistemaren efizientziari buruzko datuak aztertu. Erabili diren ureztatze-sistemen ur-kontsumoa aztertu eta beste sistema batzuekin konparatu.
  • Lortutako informazioa eta esperimentuetako datak aztertu eta ondorioak atera.
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxearen webgunean eta sare sozialetan jarriz, erakusketa baterako panelak egin eta ikastetxean/herrian jarriz, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

Hausnarketarako gakoak

  • Zenbait nekazaritza-sistemaren aztarna hidrikoa: lehorreko laborantza vs laborantza ureztatua.
  • Garaian garaiko eta tokian tokiko elikagaien kontsumoa.
  • Iruzurrak uraren erabileran (putzu ilegalen ustiapena, adibidez).
  • Elikadura-ohiturek uraren erabileran duen eragina: zenbat ur behar da aguakate bat ekoizteko?

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali