Programa zaharrak eskuratzeko... <i>Abandonware</i>

Ordenagailua zaharkitua geratu zaizula eta sistema eragilearen kopiarik ez duzunez berriro ere lortu beharrean zaudela? Orduan, lagun bati eskatu, bigarren eskuko dendaren batera joan edo, bestela, abandonware orrietara jo. Gehienbat jokoak aurkituko dituzu abandonware orrietan, baina egon badaude aplikazioak ere. Gainera, salgai ez dauden aplikazioak eta eskuliburuak lor daitezke debalde.

Programa zaharrak eskuratzeko... <i>Abandonware</i>


L. ARTS

Teknikoki, abandonware software-pirateria da. Legeari mugatuz gero, abandonatutako softwarea (hortik abandonware hitza, hain zuzen ere) erabiltzeak copyright-legea hautsi egiten du. Alegia, lege horren arabera, ezin da programa baten kopiarik egin kaleratu duen enpresak copyrighta lortu eta 75 urte igaro arte. Horren aurrean, zenbait ekimen egin dira fabrikatzaileek antzinako zenbait sistema eragile edota programen eskuratzea erraz dezaten.

Esaterako, arrakasta izan duen ekimen horietariko bat VisiCalc kalkulu-orriaren asmatzaile Daniel Bricklin-ek egin du. Izan ere, bere aplikazioa edonorentzat eskuragarri izan dadin, Lotus Development -en baimena lortu zuen eta Interneten sartu zuen. Lotus -ek 1985ean erosi zuen VisiCalc, baina gaur egun ezin da inon ere erosi. Alabaina, abandonware mugimenduari esker, behar duenak badu eskuratzeko modurik.

Beraz, abandonware mugimenduaren aldekoek esaten dutenaren arabera, abandonware ez litzateke pirateriatzat hartu behar. Izan ere, lau urte baino gutxiago dituzten programak edota oraindik ere salgai daudenak ez dira abandonware . Are gehiago, enpresa batek erabakiko balu programa jakin bat berriro ere salgai jartzea, une horretatik bertatik ez litzateke jada abandonware izango.

Abandonware -ren historia

Zenbait kasutan konkurrentziaren eraginez, beste zenbaitetan ekoizleak bertsio berriak atera dituelako edota makina bera desagertuta dagoelako (Atari, Amiga ...), hamaika programa geratu dira baztertuta.

L. ARTS

1997ko otsailean Israelgo bi informatikari ohartu ziren ordenagailu zaharkitua zutenek ez zutela programak eskuratzeko biderik. Halatan, lehenengoak, Peter Ringering-ek, Ordenagailu Zahartxoaren Gunea ( Oldie Computer Site ) ezarri zuen eta bigarrenak Joko Klasikoen Artxiboa ( Classic Gaming Archive ). Berehala elkartu zitzaien jokozale mordoa, eta bakoitzak bere gunea eskaini zuen. Martxoan, indarrak elkartu eta Abandonware Ring Central (gaur egungo Abandonware Ring) ezarri zuen Peter Ringering-ek.

Baina espero zitekeena gertatu zen, eta legearekin arazo ugari izan eta itxi ere egin zen gunea. Alabaina, Swizzle ezizenekoak aurrekoaren lekukoa hartu zuen; gaur egun martxan dagoena da horren emaitza.

Zer aurki daiteke abandonware -n?

Abandonware -n lor daitekeen joko baten irudia.

Eskura daitezkeen jokoen artean Civilization, Doom, Monkey Island, SimCity eta Tomb Raider bezalako joko klasikoak eta beste asko daude. The 386 Page -an IBM OS/2, Microsoft-en MS DOS-en zenbait bertsio, lehenengo Windows-a eta ezezagunagoak diren Tandy Deskmate 3.69 edo Quarterdeck DESQview/X 2.1 daude. Bestalde, 21st Century Oldies ( http://21ct.gooddays.org/apps.html ) izeneko gunean, Windows-erako Apple IIe-ren emuladorea, Norton Commander, Quicken 3 for Windows, dDebase 3+ datu-base famatua, Winamp musika-irakurleak edo DOSen ibiltzeko saguaren driver -a daude. Horrelako beste zenbait gune: www.abandonwarering.com ; Apple-ren programa zaharrak eskuratzeko: www.info.apple.com/support/oldersoftwarelist.html

Lasa Iglesias, Aitziber

STEAM Hezkuntza arloko arduraduna Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.

Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Internet