}

Presio handiko ur-zorrotada bidezko ebaketa

1996/04/01 Garcia, Irene Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elikagaiak manipulatzen dituzten teknikariek guraizeak, labana eta balantza erabili izan dituzte urtetan. Etorkizunean ez dirudi sistema bakarra izango denik.

Ohizko sistemaz lan eginez, ordu asko behar izateaz gain, lan neketsua eta azpergarria gerta daiteke, kantitate handiak ekoiztu behar direnean bereziki.

Ohizko ebaketa-sistemak ordea, aldatzen ari dira eta horren zergatia aztertzeko faktore desberdin asko hartu behar da kontutan: kontsumitzailearen eskaera batetik, teknologiaren aurrerakuntza bestetik eta jakina, ebaketaren sistema automatikoen edo mekanizatuen garapenak ere eragina izan du.

Ordenadorez lagunduriko presiozko ur-zorrotada bidezko ebaketa-sistema teknologia berrien artean harridura gehien sortu duena da. Estatu Batuetako Richmond hiriko DSI enpresak erabili zuen lehen aldiz prozesu hori. Aipatu enpresa Suediako Frigoscandia Fool Processing Systems enpresaren subsidiarioa da.

Makina ebakitzaile horrek bideokamera erabiltzen du produktua irakurtzeko, ordenadorea ebaketa-estrategia kalkulatzeko eta presio handiko ur-zorrotada oso fina elikagaia garbi eta segurtasun osoz ebakitzeko.

Zer dela eta aldaketa?

Presio handiko ur-zorrotada bidezko ebaketa sistema erabiltzen duten makinek etorkizun oparoa izango dute.

Elikagai-prozesadore gehienak eskuzko ebaketan oinarritzen dira gaur egun oraindik eta ondorioz, eskulana produktuaren azken kostuan eragin zuzena duen faktore nagusia da. Bestalde, kuntsumitzailea gero eta exigenteagoa da eta ebaketa zehatza eta uniformea nahi izaten du. Elikadurari buruzko kontzientzia ere areagotu egin da eta puska-tamaina berari dagokion balio elikagarri eta edukin kaloriko bera eskuratu nahi du kontsumitzen duen errazioko.

Bestalde, fabrikatzaileei gertatzen zaizkien ekoizpen-arazo desberdinak ere konpontzen ditu teknologia horrek. Oilaskoak eskuz ebakitzen dituen ohizko sistema batek 22 langile behar ditu eta, produktibitate-maila bera lortzeko, makina horrekin 10 aski dira. Halaber, sistema horretaz baliatzen diren fabrikatzaileek aitortzen dutenez, lanpostuarekin zerikusia duten lan-istripuak edo bajak gutxiagotu egin dira sistema berria erabiltzen dutenetik.

Estatu Batuetan egin berri den ikerketa batek dionez, gaixotasun okupazional berrien %60ak sindrome metakarpikoarekin du zerikusia eta bizkarreko mina eta mugimendu errepikakorrekin lotura duten bestelako lesioak nagusitu dira. 1994an 100 bilioi dolarreko kostua ekarri zuten mota horretako lesioek eta ondorioz, ez da harritzekoa Estatu Batuetako gobernuak “mugimendu errepikakorren lesioen epidemia” deritzona kontrolatu nahi izatea.

Oilaskoak eskuz ebakitzen dituen ohizko sistema batek 22 langile behar ditu eta, produktibitate-maila bera lortzeko, makina horrekin 10 aski dira.

Ebaketa-sistema automatikoak erabiltzen dituzten fabrikatzaileek, beste onura bat ere atxikitzen diote sistema honi, hau da, higiene-hobekuntzaren onura. Guraizeak, labanak eta ezkatagailuak maiz garbitu behar izaten dira indarrean dauden osasun-baldintzak betetzeko. Teknologia berriarekin berriz, gauzak aldatu egiten dira: ez dira kutsadura barreiatzen dituzten orri metalikoak erabiltzen, ez dira hondakinak metatzen eta gizakia eta produktuaren arteko kontaktua minimoa da.

Etekinaren gehikuntza eta balio erantsia

Eskuzko ebaketaz ezinezkoa den zehaztasun, eraginkortasun eta abiaduraz ebaki daitezke puskak presiozko ur-zorrotadaz baliatzen diren makina ebakitzaileekin. Lortzen diren emaitzak berriz, ez dira denbora gutxiagoan gehiago produzitzera mugatzen (pertsona gutxiagorekin gainera); horrez gain, produktuen etekina areagotzea eta balio erantsia gehitzea ere lortzen da. Giza hutsegiteak ere ia-ia baztertu egiten ditu sistema honek.

Teknologiaren nondik norakoa

Eskuzko ebaketaz ezinezkoa den zehaztasun, eraginkortasun eta abiaduraz ebaki ditzake puskak presiozko ur-zorrotadaz baliatzen den makina ebakitzaileak.

Hona hemen presio handiko ur-zorrotada bidezko ebaketa-sistemaren funtzionamendua. Ordenadoreak, zehaztasun handiko bideokamerarekin asoziaturik, argi-sorta proiektatzen du produktuaren topografia irakurtzeko; produktua bera 20 mm/ /minutuko abiaduraz higitzen den zinta-garraiatzailean doan bitartean. Gero, bideoak eman dituen datuak behar bezala lantzeko egokituta dagoen ordenadorera igortzen da irudia.

Ondoren, ordenadoreak elikagai-zati bakoitza aztertuko du aurrez adierazitakoaren arabera eta ebaketa-estrategiarik egokiena zehaztuko du. Segidan, ordenadoreak serbomotorearen kontrolatzaileei igorriko dizkie ebaketaren ibilbideak eta hauek zehaztasunez higituko dituzte ur-zorrotadak produktuan zehar.

Berez susmo txar ugari pizten duen elikagai-mota honetan erabateko isolamendua lortzeko, osagai elektronikoak eta serbomotoreak isolamendu bikoitzeko ateak dituen kontrol-panelean egoten dira.

Sistema horiek oso eraginkorrak dira oilasko zein indioilarren izter, bularki, xerra eta tendoiak, izokina edota bakailaoa bezalako arrain zuriak eta txerri-, behi- eta ardi-xerrak ebakitzerakoan.

Bestalde, ur-zorrotadak urak horretarako prestaturik dauden tutu finak oso presio handiz zeharkatzen dituenean sortzen dira. Presioa nahi bezala erraz egoki daiteke eta 25.000 55.000 psi bitarteko tartean erabiltzen da, ebaki nahi den produktu-motaren arabera, beti ere.

Sistema horiek oso eraginkorrak dira oilasko zein indioilarren izter, bularki, xerra eta tendoiak, izokina edota bakailaoa bezalako arrain zuriak eta txerri-, behi- eta ardi-xerrak ebakitzerakoan.

Produktibitateari dagokionez, hona hemen adibide batzuk: 2,5 tona oilasko baino gehiago ebaki daiteke orduko, edo horren baliokide dena, 140 bularki minutuko. Arrainetan berriz, tona bat orduko. Makina horren zenbait modelotan produktibitate ahalmen hori bikoiztu egiten da.

Sistemaren etorkizuna

2,5 tona oilasko baino gehiago ebaki daiteke orduko, edo horren baliokide dena, 140 bularki minutuko. Arrainetan berriz, tona bat orduko.

Nolanahi ere, badira teknologia horren hedapena mugatzen duten arrazoiak eta sinpleak izan arren, badute eragina. Teknologia bera ez ezagutzea eta ekipoak egin lezakeenaz konfidantzarik ez edukitzea dira nagusienak. Teknologiarekiko errezeloa azaldu arren teknologia horretaz baliatu diren fabrikatzaile gehienek aitortu dutenez, hasieran lortu nahi zituzten aplikazioak gaindituz, aplikazio berriak aurkitu dituzte.

Teknologia honetaz baliatzen diren enpresek azaldu ahal izan dutenez bestalde, eskulanarekin aurrezten denarekin ekipoa urtebetean amortiza daiteke eta ohizko produktuen nahiz berrien hedapen komertziala ere areagotu daiteke.

Presio handiko ur-zorrotada bidezko ebaketa bezalako sistemek eragin itzela izango dute elikagai-industrien garapenean, kontsumitzaileen eskaerari erantzunez, produkzioa hobetu, malgutasuna areagotu eta etekin handiak lortuko baitira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia