}

Presio gehiegi merkurioarentzat

2000/10/17 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Manometro ezagunena baina poluitzailea da merkurioa duena. ‘Argi berdea 300’ aparatuak ordezkatuko du ehun urte baino gehiago erabili den tresna.

Presio arterial baxu edo altuegia osasun txarraren seinale izaten da maiz. Horregatik, edozein gaixotasunekin sendagilearengana joanez gero, ohikoa da kontsultatik presioa hartuta ateratzea.

Gaixoaren presio arteriala neurtzeko, sendagileek esfigmomanometroa erabiltzen dute. Horretarako, gaixoaren besoa inguraturik putz daitekeen banda ezartzen da. Ondoren, sendagileak gomazko udarea erabiliz banda puzten du, besoko arteriatik pasatzen den odol-zirkulazioa eragotzi arte. Presio maximoa egoera horretara iristeko behar izan den presioa da. Haizeari ateratzen utzi eta berriz ere odol-zirkulazioaren hotsa entzutean, presio baxua irakurtzen du sendagileak.

Bi eratako esfigmomanometro aurki daitezke merkatuan. Bata, sendagileek beren kontsultan erabili ohi dutena, merkurio gabea baina ez hain zehatza, eta bestea, ospitaleetan ikusi ohi duguna, merkurioduna eta askoz zehatzagoa.

Merkuriozko esfigmomanometroa

Azken horrek, bere balioa frogatu duen eta zehaztasun handikoa den arren, eragozpen nabarmen bat dauka: bere osagaietako bat merkurioa da.

Merkurioa, beruna eta zinka bezala, metal astuna da eta osasunerako kaltegarria. Metal astunak arnasa, odola edo elika-katearen bidez sartzen dira gorputzean. Argi dago, beraz, nahiz eta aparatua oso erabilia izan eta arriskuak ahantzi, ospitaleetako erizainak, sendagileak, bai eta gaixoak ere, arriskuan egon ohi direla.

Arrisku horretaz jabeturik, Newcastle-ko Unibertsitateak eta Ospitaleak Argi berdea 300 deitu duten aparatu berria garatu dute. Aparatua siliziozko txip sentsore batez baliatzen da presioa irakurtzeko. Informazioa errazago irakurtzeko, presioa argi berdea emititzen duen pantaila batean irudikatzen da, eta hortik aparatuaren izena. Gainerakoan, esfigmomanometroa bezala, aparatu berria banda puzgarriaz osatua dago eta zehaztasun handikoa da.

Poliki-poliki tresna berriak merkuriodun aparatu horien erabilera murriztuko du, termometroarekin gertatu den bezala. Hemendik aurrera, ospitaleetan sendagile eta erizainek hain maiz egiten duten presioa hartzeko eragiketa hori ez da inorentzat batere arriskutsua izango.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia