Pozalagua, lur azpiko laborategi
2007/07/01 Zubia Gallastegi, Bego - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Haitzuloak kareharria disolbatzean sortzen direla ikasi ohi dute eskola-umeek. Baina kobak haitzean zabaldutako zuloak baino zerbait gehiago dira. Lurralde baten eta lurralde horretan bizi direnen historia ezagutzeko aukera ematen dute. Euskal Herrian, horrelako hainbat altxor ezagutzen dira. Praileaitz, Ekain eta Santimamiñe ezinbestekoak dira Paleolitoko gizon eta emakumeen bizimoduaren berri izateko. Mendukilok, Pozalaguak eta Arrikrutzek, berriz, gizon eta emakume horiek bizi izan ziren lurraldearen historia geologikoaren berri ematen dute.
Lurpean, kanpotik isolatuta, haitzuloek milaka urteko informazioa gordetzen dute. Pertsonak barrura sartzen direnean, ordea, ordura arteko oreka hautsi, eta naturak milaka urtean sortutakoa denbora gutxian aldatzen hasten da. Horixe gertatu zaio Pozalaguako kobari.
Pozalaguako kobazuloa 1957. urtean aurkitu zuten, ustekabean. Dolomitas del Norte S.A enpresak Karrantzako Ranero mendian ustiatzen zuen harrobiko lehergailu baten eztandak agerian utzi zuen. Leherketa hark mineral-metaketa paregabeak azaleratu zituen, estalaktita eszentrikoen munduko multzorik bikainena gordetzen baita Karrantzako haitzuloan. 1990az geroztik bisitariek ikusgai dituzte haien bihurgune bereziak. Lekua hain da ikusgarria, urtean 33.000 bisitari erakarri izan ditu.
Kobazuloa harrobiari esker aurkitu bazen ere, leherketek eragin handia izan dute Pozalaguan, eta espeleotema asko eta asko apurtuta ageri dira. Baina harrobiarena ez da kobazuloak izan duen kanpoko eragin bakarra. Bisitak hasi eta urte gutxira, landaretza agertzen hasi zen, eta, 2004. urtean, bisitek haitzuloan duten eragina ikertzeari ekin zion Alfonso Antxia espeleologia-zientzien elkarteak.
Horretarako, lau klima-estazio jarri zituzten koban. Orduro-orduro, hamabi parametro jasotzen dituzte: besteak beste, tenperatura, hezetasuna, atmosferaren presioa, karbono dioxidoaren kontzentrazioa eta uraren eta haitzaren tenperaturaren datuak.
Alfonso Antxia espeleologia-elkartearen ahaleginei beste hainbat ikerketa-talderenak batu zaizkie. Euskal Herriko kobazulo baten barruan egingo den lehen ikerketa diziplina artekoak Pozalagua aztertzea du helburu. Geologoek, kimikariek, biologoek, ingeniari nuklearrek eta espeleologoek indarrak batu dituzte Pozalaguan.
Askotariko ikerketa
Kobazuloaren sorrera eta bilakaera ezagutu, gaur egungo egoera aztertu eta etorkizunerako babesteko bidea aurkitu nahi dute ikertzaileek, betiere, ingurunearen babesa eta bisitarien ikustaldiak uztartzea posible egingo duten neurrien bidez; izan ere, lehen hipotesien arabera behintzat, ez dago bisiten ondorioz desager daitekeen ezer.
Ikerketa-talde guztien lehen helburua da kobaren ezaugarriak bereiztea. Hau da, kobazuloan ageri diren harri, ur zein bizidun guztiak katalogatu eta haien osaera kimiko, fisiko, biologiko zein fisiologikoa ezagutzeko helburua dute lantaldeek.
Euskal Herriko Unibertsitateko Mineralogia eta Petrologia sailekoak kobaren sorrera eta bilakaera geologikoa aztertzen ari dira. Arantxa Aranburu geologoak honela dio: "koba eta koban dauden kristaltxoak nola sortu diren ezagutzen badugu, nola zaindu behar den jakingo dugu".
Pozalaguara mugatzen ez den beste helbururik ere badu Aranbururen lantaldeak. Ikerketak, "gure historia geologikoan dagoen hutsunea" osatzen lagunduko duela espero du. Izan ere, "Euskal Herriko mendiak sortu zirenetik --duela 40.000 urte-- arkeologoen bidez kobetako bizidunen berri izaten hasi arte, ez dakigu geologikoki zer gertatu den, eta gertatu denaren zati handi bat kobetan gordeta dago". Beraz, Pozalaguako ikerketak alor horretan aurrerapausoak ematen lagunduko diela espero dute.
Pozalaguako ikustaldiak duela ia bi hamarkada hasi ziren. Bisitariek kobazuloa ikusi ahal izateko, argiztapena jarri zuten barruan, eta horrek gaitz berdea eragin zuen. Hau da, landareak koba kolonizatzen hasi ziren: goroldioa, onddoak, likenak eta iratzeak aurkitu izan dira barruan. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia sailekoek beren gain hartu dute Pozalaguako landaretzaren katalogazio-lana.
"Landaretza katalogatzen ez ezik, landare horiek hazteko kondizio egokienak zein diren aztertzen ari gara. Izan ere, landareek argiaren beroa eta erradiazio zati bat bakarrik erabiltzen dute. Zein diren jakinez gero, landareak hazteko beharrezko diren kondizioak ezagutuko ditugu", dio Txema Becerrilek, Landareen Biologia eta Ekologia saileko kideak. Hala, "kondizio horiek aldatuta --landareetara iristen ez den uhin-luzerako argia jarriz, adibidez-- posible izan daiteke bisitekin jarraitzea eta landaretzaren hazkundea saihestea. Eta argi hotzagoak ere erabil litezke. Beraz, gure lana, katalogazioa eta gaitz berdea desagerrarazteko proposamenak egitea ez ezik, landareak ugaritzea posible egiten duten kondizioak aldatzeko proposamenak egitea ere bada".
Gaitz berdea garbitzen laguntzeko oso lagungarriak izango dira ikerketa-taldeko kimikariak ere. Espeleotemei kalterik egin gabe landaretza kentzeko enplastu moduko bat asmatu dute. Ioi-trukean oinarritzen den enplastuaren lehen probek emaitza ezin hobeak eman dituzte. Orain, ondorio horiek berresteko lanetan ari dira. Horrez gain, espeleotemen konposizio zehatza ezagutzea ere haien ardura da.
Becerrilek azaldu bezala, berotasuna da kobaz kanpoko bizidunek kobazuloa kolonizatzeko aukera ematen duen kondizioetako bat, eta haitzuloaren tenperatura bisitek ere igotzen dute. Alfonso Antxia Espeleologia Elkarteko kide den Jabier Lesen ustez, datu-bilketa sistematikoak 4-5 urtekoa izan beharko du, bisiten eragina zehaztu ahal izateko. Hala ere, orain arte bildutako datuen arabera, esan daiteke bisita gehien izaten den hilabeteetan bikoiztu egiten dela karbono dioxidoaren kontzentrazioa. "Arnasketaren emaitza, kondentsatuta, luzaroan geratzen da haitzuloan, eta lurrun hori oso korrosiboa da".
Espeleotemak desegiten hasi direla, hori jakin badakite ikertzaileek. Eremu kaltetuenetan itxuraz ondo dauden estalaktitak, ukitu bezain pronto, eskuetan desegiten dira. Pozalaguako harri bitxi diren estalaktita eszentrikoek jasan dute kalterik handiena.
Kaltetutakoa ezin da berreskuratu, baina kalteak ez areagotzeko modua aurkitu nahi dute ikertzaileek. Diziplina anitzeko ikerketa abian da. Ez da emaitzarik espero epe laburrean, baina lur azpiko laborategi honetan bildutako ezagutzak epe ertainean koben kudeaketa-metodo bat osatzeko balioko duela espero dute ikertzaileek.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia