Posible da elektrifikazio industriala EAEn?
2025/06/01 Barco Rivero, Kelly - EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikaslea | Unai Garnika, Iñigo - EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikaslea | López Ropero, Iraide - Teknologia Elektronikoa Departamentua EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskola | Gómez-Cornejo, Julen - Ingeniaritza Elektrikoa Saila. Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU) | Aranzabal Santamaria, Itxaso - Ingeniaritza Elektrikoa Saila. Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU) Iturria: Elhuyar aldizkaria
Klima-aldaketaren eta kutsaduraren aurkako estrategien artean, energia-kontsumoa elektrifikatzea da nagusietako bat, energia berriztagarrietatik sortutako elektrizitate garbiari esker. Dokumentu honek Euskal Autonomia Erkidegoko industria-prozesuen eraldaketa aztertzen du, elektrifikazio-potentzial handieneko industrien aukerak eta sare elektrikoan duten eragina aztertuz.
Klima-aldaketa eta berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEG) kontzentrazioa gero eta handiagoa da atmosferan. Kasu larriena karbono dioxidoa (CO2) da, emisioen % 79,8ren erantzulea baita.[1] Horregatik, gaur egun ingurumenarekin lotutako kezka larrienetako bat emisio horiek murriztearen ingurukoa da. Izan ere, horien eraginez planeta modu atzeraezinean eraldatzen ari gara. 1980ko hamarkadatik, etengabe igo dira lurreko eta ozeanoko tenperaturak. 2023an bakarrik, lurreko azalera XX. mendeko batezbestekoa baino 1,18 ºC beroagoa izan ze.[2] Horrek agerian uzten ditu arazoaren larritasuna eta ekintza globalagoak egiteko beharra. Hori dela eta, energiaren kudeaketa lehentasunezko gai bihurtu da mundu osoan, energia garbietarako trantsizioa bultzatu nahian.
Karbono-emisio baxuko teknologiek —hala nola energia berriztagarrien bidezko elektrizitate-sorkuntzaren integrazioa, sorkuntza banatua (SB) eta ibilgailu elektrikoak (IE)— eta horien erabilera sustatzen duten Europako politikek funtsezko rola betetzen dute emisioak murrizteko eta Parisko Akordioan ezarritako helburuak lortzeko.[3] Europan, jasangarritasun energetikoaren inguruko interesaren hazkunde hori zenbait ekimen nagusik sustatu dute; besteak beste, Europako Itun Berdeak (Green Deal Europe), zeinak 2050erako karbono-neutraltasuna lortzea helburu nagusi gisa ezartzen baitu.[4] Plan horrek Europako ekonomia-eredu jasangarri eta erresilienteago baterantz eraldatzea du helburu. Halaber, epe luzeko klima-konpromisoak betetzeko, Europar Batasunak lege-sorta ugari onartu ditu; besteak beste, Fit for 55, 2030erako emisioak gutxienez % 55 murrizteko helburuarekin.[5]
Europak ezarritako ildoari jarraituz, Espainiako Gobernuak deskarbonizazio industrialaren PERTE programa abiarazi zuen 2022an, Suspertze eta Transformazio Ekonomikorako Proiektu Estrategiko gisa, manufaktura-sektorea prozesu jasangarriagoetara eraldatzea helburu duena.[6] Programa honek, 1. irudian ikus daitekeen bezala, hainbat helburu sustatzen ditu; prozesu industrialen deskarbonizazioa da horietako bat. Era berean, 2022ko «Berotegi Efektuko Isuriak» txostenean, Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak adierazi duenez, industria-sektoreak isuri guztien % 18,4 eragiten du; beraz, sektore horren deskarbonizazioa funtsezko pauso bat da adierazitako klima-helburuak betetzeko.[1]

Euskal Autonomia Erkidegoko industria-sektorea
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAEk), Espainiako eskualderik industrializatuenetako bat izanik, ikuspegi proaktibo eta handinahia hartu du deskarbonizazio industrialerantz. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzak 2023an abian jarritako Net-Zero Basque Industrial Super Clusterra (NZBIS), Euskadiko industriaren deskarbonizazioa bultzatzea helburu duena.[7] Super Clusterrak zero emisioren helburua lortu nahi du, energia-kontsumoa deskarbonizatuz eta industria-sektore igorleen eraginkortasuna hobetuz. EAEren deskarbonizaziorako ibilbide-orriaren barruan, besteak beste, honako elementu nagusi hauek erabiltzea nabarmentzen da:
- Hidrogeno berdea: zuzenean elektrifikatzeko zailak diren industria-sektoreetan energia-iturri fosilak ordezkatzeko lehen mailako teknologiatzat hartzen da.
- Karbonoa atzitzea, erabiltzea eta biltegiratzea: elektrifikazioaren edo hidrogenoaren erabileraren bidez saihestu ezin diren CO2-emisioak atzitzeko eta biltegiratzeko funtsezko laguntza-teknologia gisa aipatzen da.
- Elektrifikazio zuzena eta bero berriztagarria: industria-prozesuen elektrifikazio zuzena eta bero berriztagarriaren erabilera ikuspegi primario gisa identifikatzen dira.
- Eraginkortasun sistemikoa eta zirkulartasuna: bigarren mailako baina funtsezko neurritzat hartzen dira, baliabideen erabilera optimizatzera eta industria-prozesuetan hondakinak minimizatzera bideratuak.

Ekoizpen-sistemen berezitasunak direla eta, ez dago industria-prozesu guztientzat baliozkoa den soluziorik. Hala ere, [7]-ko oharrean azpimarratzen den bezala, elektrifikazioa da industria-prozesuen eraldaketarako potentzialik handienetako bat duen aukera. Ekoizpen-sistema elektrifikatuetara trantsizioa egiteak erronka handiak dakartza berekin; adibidez, elektrifikazioak dakarren energia elektrikoaren garraioaren hazkuntzak sare elektrikoaren azpiegituran duen eragina. Horregatik, EAEko industriaren elektrifikazio-ahalmena ebaluatzea deskarbonizatzeko funtsezko estrategia bat da. Ideia horietan oinarrituta, artikulu honek soluzio-mota horiek hedatzeko aukerak aztertzea du helburu.
Euskal sare elektrikoa industriaren elektrifikazioa bere gain hartzeko prest dagoen ebaluatzeko, lehenik eta behin industriaren ekoizpen-prozesuak aztertu eta CO2 gehien isurtzen dituztenak identifikatu behar dira. Horrela, 2023ko azaroan Super Clusterrak argitaratutako txostenean argi agertzen da BEGen % 68 bost industria-sektore nagusiren esku dagoela: zementu-industria, altzairugintza, galdaketa, paper-industria eta findegiak (ikus 2. irudia).
Euskal sare elektrikoa prest dago industriaren elektrifikazioa bere gain hartzeko?
EAEko sare elektrikoa, egungo egoeran, industriaren elektrifikazio masiboa bere gain hartzeko gai izango ote den zehazteko, ezinbestekoa da prozesu industrialak elektrifikatzeko soluzio teknologiko espezifikoak identifikatzea. 1. taulan, azterlanaren barruan, industria-sektore bakoitzean elektrifikatu daitezkeen prozesuak jasotzen dira, bai eta horiek ordezkatzeko erabil daitezkeen teknologia elektriko berriak ere.
Industria kutsatzaileenak identifikatu ondoren, industria horiekin lotutako Euskal lantegi erreferentzialen ikerketa egin behar da. Ikerketa horretan, guztira 22 lantegi aztertu dira, eta honela banatzen dira: 3 zementu-fabrika, 11 altzairugintzakoak, 4 galdategi, 3 paper-fabrika eta findegi-enpresa bat. Lantegi horien % 45,5 Bizkaian kokatuta daude, % 36,36 Gipuzkoan, eta % 18,18 Araban. Ondoren, ordezkapen-teknologiari dagokionez, industriek beren prozesuak elektrifikatu ondoren elektrizitate-eskaera zenbat handituko den zenbatesteko, 1. taulan adierazitako prozesu bakoitzari dagokion tonako energia-kontsumo espezifikoaren datuetatik abiatuta, urteko kontsumo energetiko osoa kalkulatu da. Horrekin batera, fabriken urteko ekoizpenak erabili dira. Horien bitartez, sare elektrikora konektatu beharko den potentzia teoriko gehigarri berria kalkulatu da:
\(P_{gehigarria} (MW) = {\text{Urteko kontsumo osoa (MWh)} \over \text{8.760 ordu/urte}}\)
Azken pausoa, enpresa bakoitza konektatuta dagoen puntu elektrikoa identifikatzea da. Horrela, lantegi bakoitzaren konexio-korapiloaren kapazitatea ezagututa eta elektrifikazioak eska dezakeen potentzia gehigarri berria kalkulatuta, ebaluatu da sare-puntu hori lantegiaren elektrifikazioa bere gain hartzeko gai den ala ez. Azterketaren emaitzak 2. taulan laburbildu dira.
Ondorioak
Lortutako emaitzak aztertuta, ondoriozta daiteke, gaur egun, euskal azpiegitura ez dagoela prest elektrifikatzeko prozesu masiboari aurre egiteko, ez litzatekeelako gai izango aurreikusitako eskari gehigarriaren % 85,7 asetzeko. Zenbatetsitako eskari berri horietatik, % 80,8 Bizkaian, % 17,7 Gipuzkoan eta % 2 Araban banatuko lirateke. Lortutako emaitzak bat datoz EAEko industriaren banaketarekin; izan ere, euskal industriaren zati handiena Bizkaian kokatuta dago. Are gehiago, 3. irudian adierazten den bezala, Bizkaian eta Gipuzkoan aurreikusitako kontsumo gehigarriak gaur egungo kontsumoa ia hirukoizten du. Bestalde, Araban, elektrizitate-kontsumoaren igoera ez litzateke hain handia izango. Hala ere, egindako zenbatespenek erakusten dute % 50eko gehikuntza beharko litzatekeela.
Emaitzek argi erakusten dute, halaber, gaur egungo sare elektrikoaren nodo gehienetan gaitasuna mugatua dela, eta kasu gehienetan ez dela nahikoa. Horregatik, ondoriozta daiteke beharrezkoa litzatekeela egungo azpiegitura indartzeko neurriak hartzea. Besteak beste, transformadore berriak, transmisio- eta banaketa-linea sendoagoak eta babes- eta kontrol-sistemak hobetzea. Nodoak modernizatzeak aukera emango luke karga elektriko handiagoak konektatzeko eta sistemaren eraginkortasuna hobetzeko, galerak murriztuz eta gainkarga-arriskua minimizatuz. Beraz, etorkizun jasangarri bat bermatzeko, argi dago inbertsio esanguratsuak eta plangintza egokia behar direla.
Bibliografia
[1] Ministerio para la Transición Ecológica y el Reto Demográfico. 2023. “Inventario Nacional de Emisiones a la Atmósfera. Emisiones de Efecto invernadero, Serie 1990-2022”.
[2] Orús A. 2023. “Emisiones mundiales de CO2 de 1995 a 2023”. Statista.
[3] Europar Batasuneko Kontseilua. “Acuerdo de París sobre el cambio climático”. Europar Kontseilua.
[4] Europar Batasuneko Kontseilua. “Pacto Verde Europeo”. Europar Kontseilua.
[5] Europar Batasuneko Kontseilua. “Objetivo 55”. Europar Kontseilua.
[6] Ministerio de Industria, Comercio y Turismo. 2022. “PERTE Descarbonización Industrial. Proyecto Estratégico para la Recuperación y Transformación Económica”.
[7] Cluster Energia. 2023. “El Clúster de Energía participa en la presentación de Net-Zero Basque Industrial SuperCluster en el Global Industrial Clusters Meeting 2023 del World Economic Forum, apoyando a SPRI, Iberdrola y Petronor”.
[8] Eusko Jaurlaritza, SPRI taldea. 2023. “Net-Zero Basque Industrial SuperCluster. Foro de Descarbonización de la Industria.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia