}

Porrota burutik kendu ezinik

2006/05/14 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kirolariek ez dute gorputza bakarrik zaindu behar izaten, buruak ere garrantzi handia dauka. Eliteko kirolarien artean onena bereizten duena burua izaten omen da. Eta, seguruenera, esaera hori ez dago egiatik oso urrun.

Igerilariekin egindako ikerketa batean ikusi dute, porrotak garunean duen eragina depresioarekin izaten denaren antzekoa dela.
MEC

Bide horretatik, kirol-psikologiaren beharra geroz eta nabarmenagoa da, kirolariek duten guztia eman dezaten eta egoera gogorrenetan ere irabaz dezaketela sinets dezaten. Bati baino gehiagori futbola etorriko zitzaion burura. Hor ere makina bat ikerketa egin daitezke, baina oraingo honetan igerilariekin egindako ikerketa bat aipatu behar dugu. Izan ere, puntako igerilari batzuekin egin duten ikerketa baten arabera, lehiaketan porrota izanez gero, asko kostatzen zaie bere onera etortzea eta aurrez egindako marketara iristea.

Ez da erraza nork bere porrota ikustea

Ikerketa Kanadan egin dute, eta udako olinpiar jokoetarako sailkatu ez diren igerilariak erabili dituzte horretarako. Dirudienez, porrot handiren bat izan duten igerilariekin lan egiten duen psikologoa kezkatuta zegoen. Eta ez da gutxiagorako; oro har halako porrota izan duten kirolariekin lan eginda konturatu zen berriro ere ondo sentiaraztea lortzen zuela, baina nekez iristen zirela berriro ere punta-puntan lehiatzera.

Eliteko kirolean geroz eta garrantzi handiagoa du burua ere osasuntsu izateak.

Hori ikusita, kirolari horien garunetan zer gertatzen zen ikustea erabaki zuen, eta neurozientzietan aditua den talde batekin hasi zen lanean. Olinpiar jokoetarako sailkatzeko zorian izan ziren hamalau igerilari aukeratu zituzten (hamar emakume eta lau gizon), eta izandako porrot haren aurrean nola erreakzionatzen zuten ikusi zuten.

Sailkapen-proba ikusarazi zieten igerilariei (norberarena lehenengo, eta beste lehiakide batena ondoren), eta, aldi berean, ikertzaileek garunean zer gertatzen zen ikusi zuten erresonantzia magnetiko bidezko irudietan.

Ez ziren ikertzaileak asko harritu ikusi zutenean igerilariei ikusteko gogorragoak egin zitzaizkiela norberaren porrotaren irudiak besteenak baino. Aurkikuntza beste bide batetik etorri zen; izan ere, garunaren irudiek erakutsi zuten porrota ikusten zuten bitartean emozioekin lotura duten gune jakin batzuk aktibatu zirela (hipokanpoa, besteak beste), depresio-egoeran aktibatzen diren gune ber-berak, hain zuzen ere. Eta igerilari haiek ez zuten sekula depresiorik izan.

Gaur egun oso ohikoa da kirolariek psikologo baten laguntza izatea emaitza txarrei eta lesioei aurre egiteko, esaterako.

Ikerketa ez zen hor bukatu, eta kirol-jarduerarekin lotutako beste hainbat arlo ere aztertu zituzten. Bide horretatik, porrota izandako kirolariek egoerari nola buelta eman aurkitu nahi dute. Eta, egia esan, egiteko asko dagoela dirudi. Dena dela, lanak merezi izango du hobekuntzarik lortzen bada. Eliteko kirolariek geroz eta presio handiagoa dute markak hobetzeko, partidak irabazteko eta txapeldun izateko. Eta, horretarako, berebizikoa da bai motibazioa eta baita talde-lana ere (behar den kiroletan) lantzea, batez ere kirolari baten errendimendua jaisten denean edo lesioren bat izan duenean.

Kirolak berez edonori ongizatea ekartzen omen dio. Osasunarekin lotutako onurez gain, aldartea hobetzen du, estresa uxatu, norberaren buruagan konfiantza handitu... eta depresioa gainditzen ere laguntzen omen du. Baina, eliteko kirolariena beste kontu bat da, argi dago.

7K-n argitaratua.