Poloetako hodei garaien tenperatura
2001/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialariek Ipar eta Hego Poloetako hodeietako eta goi-atmosferako tenperatura neurtzea lortu dute. Horretarako, Illinois Unibertsitateko ikertzaileek radar baten gisa funtzionatzen duen lidar-motako laserra erabili dute. Orain arte, altitude garaietako tenperaturak neurtzeko, zunda-baloiak erabiltzen ziren; baina tresna horiek 32 kilometroko altituderainoko tenperaturak bakarrik neur zitzaketen. Laser berri horrek, ostera, 32 eta 110 kilometro bitarteko altitudeetako tenperaturak neur ditzake.

Neurketak egiteko, bi teknika erabili dituzte. 80 kilometroko altituderainoko tenperaturen profila lortzeko, aire-molekulek islatutako laser-argia neurtu dute. Hortik goragoko altitudeetan, aldiz, espaziotik datozen meteoro lurrunduek goi-atmosferan jalkitako burdin atomoen eraginez gertatzen den laser-izpien barreiadura neurtu dute. Ondoren, lortutako tenperatura-profilak modelo teorikoen bidez zenbatetsitakoarekin alderatu dituzte.
Ikusi dutenez, emaitzak bat datoz bi kasu hauetan: 2000. urteko urtarrilaren 27an Hego Poloaren gaineko mesopausa eskualderako zenbatetsitakoak eta 1999. urteko ekainaren 21ean Ipar Poloaren gaineko termosfera eskualderako zenbatetsitakoak. Hego-hemisferioko udazkeneko kasuan, aldiz, zenbatetsitakoaren eta neurtutakoaren arteko aldea 20 ºC-ra ere heltzen da. Lortutako datuak lagungarriak izango dira atmosferaren zirkulazio globala eta hurrengo hamarkadetan gertatuko den berotze globala hobeto ulertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia