Pluton planeta, noiz arte ordea
1999/02/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Estatu Batuetako bi astronomok eman zituzten lehenengoz Pluton-i buruzko berriak, 1915. urtean hainbat neurketaren arabera bederatzigarren planeta egon zitekeela pentsatu eta esan baitzuten. Hala ere, 1930. urtera arte ez zuten planeta berria identifikatu. Urte hartan, Clyde Tombaugh ikerlari gazteak, Arizonako Lowell behatokiko laguntzaileak, aurkitu zuen 15 urte lehenago beste bi astronomoek pentsatu eta iragarri zutena.
Aurkitu zen une beretik, planetatzat har ote zitekeen erabakitzeko, kezka sortu zen Plutonekiko. Hala ere, erabaki beharra zegoen eta erabakia hartu, hartu zen. Ondorioz, planeta txikia Eguzki Sistemako planeten zerrendan sartu zuten bederatzigarren planeta zen, hain zuzen ere.
Azken bi hamarkadetan egin diren aurkikuntzen ondorioz, hasierako zalantzak berpiztu egin dira. Eztabaida sortu da eta baliteke hemendik gutxira Plutonek hain duin gorde duen planeta-kategoria galtzea. Gaur egun, Nazioarteko Elkarte Astronomikoko -espazioko objektuen izenak erabakitzen dituen erakundeko- bi talde lanean ari dira Plutonen kategoria erabakitzeko.
Satelite propioa duen arren, Plutonek Ilargiak baino diametro txikiagoa du. Oraindik ez da Plutoni buruzko gauza gehiegirik ezagutzen -bertara iristear dagoen zundak ekarriko omen du dagoena baino informazio ugariagoa-, baina badirudi baduela nolabaiteko atmosfera, nolabaiteko aktibitatea Eguzkira hurbiltzen denean baino erakusten ez duena. Gainerako planeten zirkulazio-planoarekiko bere orbita oso esze
ntrikoa eta makurra da. Ardatzaren inguruan bira emateko 6 egun, 9 ordu eta 18 minutu behar ditu, eta Eguzkiaren inguruko orbita 248 urtetan egiten du. EguzkiSistemako planeta urrunena dugu Pluton -batez beste Eguzkitik 5.913 milioi kilometrora dago-.
Urrunena izateaz gain, Pluton Eguzki Sistemako planetarik txikiena ere bada, 2.200 kilometroko diametroa besterik ez baitu. Bere ibilbideagatik batzuetan Neptunoren orbitan ere sartzen da -hortxe dabil orain-. Gainera astronomo askoren iritziz, Pluton Neptunoko satelitea izango litzateke, planeta-kataklismoren baten ondorioz orbitatik kanpo geratutakoa. Karonte izeneko satelitea du Plutonek, 1978. urtean aurkitutakoa. Tamainaz Plutonen antzekoa denez, ikerlari askok planeta bikoitzeza dela ere esan dute urte askotan. Karonte satelitea planetatik 19.000 kilometrora dago eta bolumenez planetaren erdia da. Bere dentsitate apalagatik (0,5-0,9 g/cm3), astronomo askoren ustez metano trinkoa izan daiteke planetaren osagai nagusia. 1989an Voyager II espazio-zundak hiru uztai aurkitu zituen Plutonen inguruan.
Bestalde, kontuan hartu behar da azkenaldian Neptunotik eta Plutonetik haratago mugitzen diren asteroideak aurkitu direla, arrokak baino gehiago izotz-egiturak diruditenak; beraz, Pluton asteroide horietako handiena besterik ez dela pentsa daiteke, orain arte aurkitu direnettan handiena. Beste astronomo batzuk haratago ere joan dira eta -beste barik- Pluton asteroidetzat hartu dute. Dagoeneko ia 10.000 asteroide aurkitu dira eta bada hor proposamen zehatz bat ere: 10.000. asteroidea aurkitzerakoan Plutoni zenbaki hori ezartzea.
Ikusten denez, ez da erraza Plutoni zer gertatuko zaion antzematea hemendik aurrera, Nazioarteko Elkarte Astronomikoak erabaki bat edo bestea hartuko duen jakitea.
Erabakia bera ere ez da erraza, oso nekez esan baitaiteke zehatz-mehatz planeta zer den, zerbait planetatzat hartzeko edo ez hartzeko masaren mugak zenbatekoa izan behar duen. Esate baterako, gu bizi garen Lurra planeta, Jupiterrekin konparatuz gero ez litzateke asteroide xume bat baino izango, Jupiterreko ilargiak bezalakoa. Hala ere, inork ez dio Lurrari planeta-kategoriarik ukatzen, ez du inor horrelakorik zalantzan jartzen. Bere txikitasuna medio, badirudi Plutonen etorkizuna bestelakoa izan daitekeela. Beraz, baliteke etorkizunean eskoletan Eguzki Sistemari buruz hitz egitean zortzi planeta aipatu beharra izatea.
7kn argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia