}

Plastikozko adabaki bat Ozeano Barean

2008/05/04 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Ibaiek lehorreko lurren zabortegi bihurtzen dituzte ozeanoak. Hain zuzen, uretan flotatzen duen edo urak eraman dezakeen edozer gai ibai batera erortzen denean, ozeano batera iritsiko da lehenago edo geroago, uraren amaigabeko mugimenduaren ondorioz.
Ibaiek, beren ibilguan jasotzen dituzten hondakinak itsaso eta ozeanoetara eramaten dituzten neurrian, lehorreko lurren zabortegi bihurtzen dituzte ozeanoak.

Ozeano Barearen iparraldera iristen diren hondakinek amaigabeko espiral batean bukatzen dute, ez aurrera eta ez atzera, halabeharrez. Izan ere, itsaslaster zirkular bat dago han, erlojuaren orratzen noranzko berean biratzen dena. Itsaslaster horren eraginpean sartzean, hortxe gelditzen dira hondakinak, haizeak hosto eta paperak plazaren txoko batean pilatzen dituenean bezala. Hainbat urtean espiral horretan sartu diren hondakinak pilatzen ari dira, eta, dagoeneko, Europaren azaleraren heren baten adinako hondakin-adabaki bat da, 3,43 milioi kilometro karratukoa.

Arazoa, plastikoa

Egia esan, hori betidanik izan da horrela; hau da, Ozeano Bareak beti izan du itsaslaster hori, eta beti iritsi dira hondakinak haraino. Baina orain dela urte batzuk arte hori ez zen arazo bat, uretako bizidunek hondakin horiek deskonposatu egiten zituztelako, eta, hortaz, ez zirelako pilatzen. Orain dela mende bat, gutxi gorabehera, ordea, deskonposatzeko edo degradatzeko oso zaila den produktu bat asmatu zuen gizakiak: plastikoa. Berehala hedatu zen plastikoaren erabilera, oso iraunkorra izateaz gainera arina eta merkea delako, eta ia edozertarako erabil daitekeelako

begiratu zure inguruan, eta ohar zaitez zenbat gauza diren plastikozkoak
Kaliforniako kostatik hurbil dago plastiko-hondakinez sortzen ari den adabaki gero eta handiagoa.

Hainbeste erabiltzeak eragin du plastikozko hondakinak ere izugarri ugariak eta askotarikoak izatea. Urtean 135 mila milioi kilo inguru plastiko sortzen ditugu munduan, eta zati oso txiki bat baino ez dugu birziklatzen. Gainerakoa, gehiena zabortegietan pilatzen dugu, eta, aipatu bezala, zati batek ozeanoetan bukatzen du.

Ozeanoetara iristen denean, Eguzkiaren, haizearen eta itsaslasterraren eraginez hautsi egiten da plastikoa, gero eta puska txikiagoetan; baina bere konposizioari eusten dio. Hala, ozeanoetan, eta, zer esanik ez, Ozeano Bareko adabakian , burura datorkigun edozein tamainatako eta formatako plastiko-puskak pilatzen dira. Hango animaliek arazo handiak izaten dituzte plastikoekin: batetik, arrantzaleek botatako sareekin eta horrelakoekin trabatzen dira, eta, bestetik, plastiko-zatiak elikagaiekin nahasten dituzte. Beraz, jan egiten dituzte, baina ezin dituzte digeritu. Hala, ez dira behar adina elikatzen, jan eta jan aritu arren.

Animaliek plastiko-zatiak elikagaiekin nahastu eta jan egiten dituzte; baina ezin dituzte digeritu. (Argazkia: NOAA)

Hori gutxi balitz, plastiko horien beste arrisku batez ohartarazten ari dira zientzialari asko. Plastiko-pikorrek uretan disolbatzen ez diren toxinak xurgatzen dituzte, hala nola DDTa edo PCBa, plastikoaren polimeroek joera handia baitute substantzia horiekin lotzeko. Azterketa batean ikusi zuten plastikozko pikorrek duten toxiko horien kontzentrazioa inguruko urarena baino milioi bat handiagoa dela.

Pentsa zer toxina piloa sartzen dituzten beren gorputzean animaliek plastiko-pikorrak jaten dituztenean! Gainera, substantziok sexu-hormona gisa aritzen dira animalien gorputzean, gorputza ez baita gai benetako hormonen eta substantzia horien artean desberdintzeko; hala, izugarrizko desorekak eragiten dituzte animalien ugalketan. Noski, eragin hori kate trofiko osora hedatzen da, toxikoak barneratu dituzten animaliak beste batzuen harrapakinak direlako, horiek beste batzuenak eta abar.

Arazoa bezain konplexua da horren guztiaren konponbidea. Lan nekeza bezain antzua litzateke hainbeste urtean pilatu den plastiko guztia ozeanoetatik ateratzea, gero eta plastiko gehiago ekoizten dugu eta. Errotik aldatu beharko genuke plastikoaren inguruan dugun kultura. Lortuko al dugu?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia