}

Plastikoa eta zigarro-mutxikinak, ozeanoetako erregeak

2009/06/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Orain, uda-garaian, hondartzan goxo-goxo etzanda daudela erretzen dute askok. Eta zigarroa bukatzean, hondarretan itzali, eta martxa. Hantxe uzten dute askok mutxikina. Zer kalte egingo du mutxikin ziztrin batek? Bada, batek edo bik, agian, ezer gutxi; baina, dirudienez, oso zabalduta dagoen ohitura da. Izan ere, zigarro-mutxikinak ozeanoetako hamar hondakin ugarienen zerrendan sartuta daude dagoeneko.
Zigarro-mutxikinak ozeanoetako hamar hondakin ugarienen zerrendan sartuta daude dagoeneko.
Pete Jelliffe

Halaxe jakinarazi du Nazio Batuen Ingurumen Programak ozeanoen nazioarteko egunean, munduko 12 itsas eremu handienak aztertuta. Azterketaren arabera, Mediterraneo itsasoan zigarro-mutxikinek zabor guztiaren ehuneko 40 betetzen dute.

Zigarroak eta haien hondakinak ez dira, dena den, itsaso eta ozeanoek duten arazo larriena. Hondakin ugarienen zerrendako lehenengo postua, zalantzarik gabe, plastikoentzat da. Hain zuzen, aztertutako itsas eremuetan, zaborraren ehuneko 80 plastikozko hondakinak ziren; batez ere, plastikozko poltsak eta botilak. Egindako kalkuluen arabera, ozeanoaren kilometro karratu bakoitzeko, plastikozko 13.000 partikula daude, batez beste; batzuk ur gainean, eta besteak hondoan.

Hain kantitate handietan, ez da harritzekoa egiten duten kaltea ere oso handia izatea. Kalte handiena, zalantzarik gabe, itsasoko bizidunek jasaten dute. Elikagaiekin nahasten dute plastikoa askotan ozeanoetako ugaztunek, hegaztiek nahiz arrainek, eta jan egiten dute. Horrek, batetik, elikadura-arazoak eragiten dizkie animalioi, gosez hiltzera ere iristen baitira sabelak plastikoz beteta dituztela. Bestetik, animalien osasunean ere eragiten du, plastikoetara hainbat eta hainbat gai toxiko atxikitzen direlako, eta plastikoak jatearekin batera animalien gorputzetan sartzen direlako gai horiek ere.

Ozeanoaren kilometro karratu bakoitzeko, plastikozko 13.000 partikula daude, batez beste; batzuk ur gainean, eta besteak hondoan.
Jon Rawlinson

Ez dute ingurumena bakarrik kaltetzen, ordea. Urtean milioika dolar galtzen dira plastikoen kontura: hondakinez betetako hondartzak garbitzeko, dirutzak xahutzen dira; arrantzaleek sareetan hondakin ugari biltzen dute arrainekin batera; eta abar.

Saihestu litekeen arazoa

Penagarria da pentsatzea horiek guztiak saihets litezkeen arazoak direla. Nazio Batuen Ingurumen Programaren zuzendariak, Achim Steiner-ek, adierazi duenez, ozeanoetako zaborra izugarrizko arazo handia bilakatu da, ez baitugu jakin ozeanoak eskaintzen dizkigun baliabideak behar bezala kudeatzen. Hala ere, esaten du arazoa pixkanaka konpon litekeela zaborrak gutxitzeko, kudeatzeko eta birziklatzeko ekimenak bultzatuz.

Elikagaiekin nahasten dute plastikoa askotan ozeanoetako ugaztunek, hegaztiek nahiz arrainek, eta jan egiten dute.
NOAA

Steinerrek erabateko neurri bat proposatzen du, adibidez, plastikozko poltsen inguruan: mundu osoan debekatzea. Haren ustez, ez dago inongo arrazoirik plastikozko poltsak fabrikatzen jarraitzeko. Gainerako zaborra gutxitzeko, uste du hainbat sustapen-neurri har litezkeela: diruz ordaintzea edo merkatu-ekimen jakin batzuk martxan jartzea, esate baterako.

Arazoek horrelako tamaina hartzen dutenean, ematen du herritarrok, banaka, ezer gutxi egin dezakegula konpontzeko. Ez dugu ahaztu behar, ordea, guztiok lagundu dugula, gutxika-gutxika, arazoa areagotzen. Turismoak, adibidez, min handia egiten dio Mediterraneoko kostaldeari: urtean sortzen den zaborraren ehuneko 75etik gora udan sortzen da, turista gehien dagoen garaian, alegia.

Oraintsu hasi da hondartza-garaia, eta orain joango gara gehien hondartzara eta, oro har, itsas eremuetara. Orain dugu, beraz, ozeanoko zabor-kantitatea handitzen jarraitzeko arriskurik handiena. Ea, bada, aintzat hartzen dugun gure erantzukizuna, eta horren arabera jokatzen dugun.


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia