Plastiko biodegradagarria
1990/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Frantziako Arto-Produzitzaileen Elkarteak aditzera eman duenez, plastiko berri, malgu eta biodegradagarria lortu dute. Plastiko iraultzaile hau bi urtean desegiten da bere kasa; berehala, egia esan, plastiko normalak desegiteko berrehun urte behar dituela kontutan hartuz.
Bio-D da material berriari ipini dioten izena eta ez dago ohizko plastikoak bezala erabat petroliotik ateratako gaiez osatua. Izan ere osagaietako bat artoaren almidoia bait da.
Bio-D izeneko plastikoa lurperatzen denean, gatz mineralek osagai naturala janda oinarrizko molekula “lehertu” egiten du, materiala disolbatuz. Lurrean gainera, poluziorik ez du uzten desegiten denean.
Plastiko biodegradagarri honi aplikazioak ez zaizkio falta. Etxetarako zabor-poltsak egiteko (oraingoz ohizkoak baino %15 garestiagoak dira), arlo handiak estaltzeko, baratzatan landareak babesteko eta abarretarako.
Italian ere Montedison etxeak plastiko berri biodegradagarria lortu duela aldarrikatu du, baina oraingoz konposizioaren berririk ez dute eman.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia