Planktonak ez du planeta salbatuko
2002/02/19 Elhuyar Zientzia
Planetaren osasuna kaltetzen duen gehiegizko karbono dioxidoaren kopurua jaisteko, itsasoari burdina gehitzea proposatu zuten zientzialari batzuek. Horrek planktona ugarituko luke eta, planktonak itsasoko karbono dioxidoa erabiltzen duenez, itsasokoa ahitutakoan airetik hartu beharko luke. Planktona hildakoan, berriz, bere gorputzeko karbonoa itsas hondoan pilatuko litzateke.
Asko eta asko irtenbide teoriko horren aurka jarri ziren, itsasoko ekosistema desorekatuko zuelakoan. Orain, planktonak haiek uste zuten adinako ahalmenik ez duela ikusi da Princeton-en egin duten eredu informatiko bati esker.
Hilabetez itsasoaren 160.000 kilometro karratu burdinaz elikatuz gero zer gertatuko litzatekeen aztertu du Princetongo Jorge Sarmientok gidatutako taldeak. Jasotako emaitzaren arabera, 100 urte geroago planktonak hartutako karbono dioxidoaren % 2-11 soilik izango litzateke atmosferatik hartua. Beste era batera azalduta: gutxi gora behera, 1.000 milioi tona karbono hartuko luke atmosferatik, hau da, gizakiok hilabetean sortzen dugun karbonoaren % 0,2.
Alegia, itsasoko planktonak ez duela Lurra berotzearen arazoa konponduko, ezta burdinaz itotzen badugu ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia