}

Planetaz kanpoko zabortegia

2008/10/19 Álvarez Busca, Lucía - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Planetaren gainazalean bakarrik ez. Haren inguruan ere pilatzen dugu zaborra gizakiok. 1950eko hamarkadan Sputnik satelite artifiziala orbitan jarri zutenetik, hainbat eta hainbat objektu bidali ditugu espaziora. Horietako batzuk joan-etorriko bidaian joan dira, baina zaborra utzi dute bidean. Beste batzuk, joaneko txartela bakarrik erosi, eta apurtu direnean edo funtzioa bukatu denean, han geratu dira. Gure planetaren ingurua txatar-biltegi bat da.

Lurraren inguruan biraka 50.000 objektu artifizial egon daitezkeela kalkulatzen da.
NASA

Espazioko zabor deitzen zaie Lurraren inguruan biraka dabiltzan eta funtziorik betetzen ez duten objektu artifizialei. Espazioko zaborra gauza askok osatzen dute: kohete eta satelite zaharren zatiek, leherketen hondarrek, eta abarrek. Horien guztien kontrola izateko, zientzialariek segimendua egiten dute. Gaur egun, 10.000 objektu daude katalogatuta, baina 50.000 egon daitezkeela kalkulatzen dute; 100 tona zabor daude Lurraren inguruan biraka.

Hondakin gehien lurrazaletik 2.000 kilometrora dagoen orbitan daude. Orbita horretan, zabor-zatiak segundoko 7 eta 8 kilometroko abiaduran joan daitezke. Horregatik, nahiz eta txikiak izan, daramaten abiadurarengatik, kalte handiak eragin ditzakete, eta arriskutsuak izan daitezke funtzionamenduan dauden sateliteentzat edo hainbat espazio-misio aurrera eramateko.

Espazioko zabortegia osatzen duten puska horiek urteekin abiadura galtzen dute, eta Lurrerantz erortzen dira, baina atmosferarekin topatzean erre eta desagertu egiten dira gehienak. Bakar batzuk dira atmosfera zeharkatu eta Lurrera erortzeko bezain handiak.

Baina gizakiok espazioan jarri dugun zaborra gutxi ez eta, zaborra osatzen duten zatiek elkar jo, eta, hala, zati edo objektu gehiago sortzen dituzte. Egin dituzten kalkuluen arabera, 2055. urtetik aurrera, haien arteko talken ondorioz, objektu-kopurua esponentzialki handituko da, eta ia ezinezkoa izango da Lurretik espaziora ateratzea.

Konponbide xelebreak

Arazo horren aurrean, irtenbide bila dabiltza aspalditik, baina oraindik ez dute teknikoki eta ekonomikoki posible den bat topatu.

Tamaina handikoak direnean, hondakinek atmosfera pasatu eta lurrera erori daitezke. (NASA)

Horietako bat da goma-aparrezko bola erraldoia: 1,5 kilometroko diametroko bola handi bat orbitan jarriz gero, hark orbitan dauden objektuak jo eta ordenatu egingo lituzke.Objektu txikienek, bola aparrezkoa denez, zeharkatu egingo lukete eta ez lirateke ordenatuko. Hala ere, abiadura galduko lukete, eta lehenago eroriko lirateke orbitatik. Baina bolak ez lituzke bereiziko zaborra eta martxan dagoen satelitea, eta, hortaz, komunikazioetan eta abarretan kalteak eragingo lituzke.

Laser bat erabiltzea da beste irtenbide bat. Laser baten bidez, objektuak jo eta orbitatik ateratzea, hain zuzen. Baina laserrek ez dute material guztiekin funtzionatzen, eta oso garestiak dira. Beraz, oraingoz, soluzio hori ere baztertuta dago.

Irtenbide bideragarriena

Espaziora jaurtitzen diren objektuei uhal batzuk, soka antzeko batzuk, txertatzea proposatzen dute zientzialariek. Hala, satelitea matxuratutakoan edo bere funtzioa amaitutakoan, horietatik tira egin eta orbitatik atera ahal izango litzateke. Baina teorian posible den arren, praktikan ez dute emaitza onik lortu.

Sputnik izan zen Lurretik espaziora bidali zen lehen satelitea.
NASA

Badira beste proposamen batzuk ere, zaborra jasotzen duten ontziak espazioratzea eta zabor-zati handiei propultsatzaile batzuk jarri eta haiek behar den norabidean mugitzea, adibidez.

Ideia zoroak ematen duten arren, egiazkoak dira, eta NASAko zientzialariek proposatutakoak. Etorkizunean espaziora jaurtiketak egitea merkeagoa bada, eta teknikak hobetzen badira, agian teknika horietako bat aurrera eramatea posible izango dela uste dute zientzialariek.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia