Planetarioak badu proiekzio-sistema
2001/06/22 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia
Miramongo Zientziaren Kutxaguneko Planetarioa ordenagailuz kontrolatutako bideo-proiektore sistema erabiltzen duen lehena izango da munduan. Sistemak Planetarioko kupula osoa hartuko du, irudi estatikoak eta mugimendua aldi berean emateko. Sistemak sarean PC ordenagailu bat eta 17 Macintosh elkarrekin jartzen ditu lanean. Ordenagailuek irudi guztiak dauzkate, baina dagozkienak baino ez dituzte proiektatzen. "Beste planetario batzuek izar-proiektorea izaten dute eta gero horri irudi estatikoak eransten dizkiete, baina guk horri mugimendua erantsi diogu" esan zuen Felix Aresek, Zientzia Museoko zuzendariak.
Sistema Donostiako Ikusi enpresak eta Suediako Dataton enpresak garatu dute. Sistema berria garatu ahal izateko Ikusi enpresako ikerlariek urtebetetik gorako lana behar izan dute, ordenagailuen softwarea eta hardwarea garatu dituzte eta planetarioko geometria erdiesferikora egokitu dute; suediarrek, berriz, proiektore batetik bestera irudiak eramatea posible egiten duen sistema garatu dute. Felix Aresek adierazi zuenez, sistema garatzeko 16 milioi pezeta erabili dituzte, "Estatu Batuetara joan izan bagina, berriz, hango teknologia erosteko 800 milioi pezeta gastatu beharko genituzke".
Sistema dagoeneko prest dago, baina erabili ahal izateko izar-proiektorea martxan jartzea geratzen zaie. Horretarako, Digistar-2 proiektorea aukeratu dute, 120 milioi pezetako proiekzio-sistema. Uztailean lanean hasiko da, Juan Sebastian Elkanori buruzko proiekzio batekin.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia