Planck, Max
1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(1858-1947)
Fisikari alemaniarra Kiel-en sortu zen 1858an. Ume kozkorra zen artean bere familia Munich-en finkatu zenean eta bertan egin zituen oinarrizko ikasketak. Unibertsitatera joateko adina heldu zitzaionean, Berlinera joan zen eta Helmholtz-en ikaslea izan zen.
1878an doktoratu zen eta bi urte geroago Munich-eko Unibertsitatean hasi zen lanean. Kielgo Unibertsitatean irakasle izendatu zuten 1885ean eta bertan igaro zituen hurrengo lau urteak, 1889am Berlin-go Unibertsitatean Fisikako katedra eskuratu zuen arte.
Clausius-en lanak ezagutu orduko, termodinamikaz arduratu zen Planck. Gorputz beltzen inguruko eztabaida puri-purian zegoen garai horretan eta buru-belarri ekin zion arazo horri. Funtsean erradiazioaren oreka termikoak sortzen zuen eztabaida konpondu egin zuela eta bere ikerketek fisika klasikoa eta gaur egungo fisikaren arteko mugarria ezarri zutela esan daiteke. Planck izan zen lehen aldiz kuantuaren hipotesia zabaldu zuena energia trukaketak nola gertatzen diren adierazteko. Bere hipotesien arabera, atomoaren energiak ezin dezake edozein balio eduki, balio jakin gutxi batzuk baizik. Funtsean, magnitude baten aldaketa ez dela era jarraian gertatzen adierazten du teoria horrek, hau da, magnitude horrek ezin dituela bi balioen arteko guztiak hartu. Energiak izan ditzakeen aldaketa minimoetako bakoitza izan ere, kuantu izenaz ezagutzen dugu Plancken geroztik. 1900. urtean enuntziatu zuen bere teoria Planckek eta data hori teoria kuantikoaren eta mekanikaren abiapuntutzat har dezakegu.
Teoria berrik horrek lurrikararen efektua sortu zuen fisikarien artean.Erabateko onespena 1905ean heldu zitzaion, Einsteinek efektu fotoelektrikoen xehetasunak azaltzeko Plancken teoria erabili zuenean. 1918an Fisikako Nobel Saria eman zioten Teoria Kuantikoaren balioa erabat finkatuz.
1930. urtean "Guillermo Kaiser" Zientzi Elkarteko lehendakari izendatu zuten Planck eta bere omenez, Max Planck Institutua izena eman zitzaion. Zeregin horretan zazpi urte igaro ostean, dimisioa aurkeztu zuen; izan ere, Hitler agintean zegoen garai horretan eta Planck erregimen berriaren etsaitzat hartu zuten. Presio-egoera gogorrak jasan behar izan zituen, baina Alemanian segitu zuen eta Hitlerren porrota-ren ostean, berriro izendatu zuten bere izena daraman Institutuko lehendakari.
,Bere bizialdiaren azken urteak Gottingen hirian eman zituen. Bertaraino joan zitzaion herio 1947an, 89 urte betetzear zituela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia