Pisua galtzeko botika batek janari-grina ezabatzen du garunean

© Raimond Spekking / CC BY-SA 4.0


Mounjaro edo Zepbound izenez saltzen den farmakoak, tirzepatidak, janari-grinarekin lotutako garun-jarduerak ezaba ditzakeela dituela ikusi dute. Janariarekin lotutako pentsamendu intrusibo errepikakor etengabeak zituen pertsona bati garunean elektrodoak jarrita ikusi ahal izan dute hori. Obesitatearekin lotutako kasu berezi bat da, beraz; eta, bestetik ikertzaileek azpimarratu dute, hilabete gutxi batzuen buruan efektu hori desagertu egin zela, nahiz eta botika hartzen jarraitu.

Ikertzaileen asmoa ez zen obesitatearen aurkako botikek garunean dituzten ondorioak ikertzea. Haien helburua zen frogatzea ea garuna elektrikoki estimulatuta lor ote daitekeen janari-grina konpultsiboa murriztea. Horretarako, obesitate larria eta elikadura kontrolatzeko zailtasuna zuten hiru pertsonari elektrodo bat jarri zieten garunean, accumbens nukleoan, plazerarekin eta sariarekin lotutako eremuan. Eta aurkitu zuten janari-irrika eta apeta handiko uneetan maiztasun txikiko seinale indartsuak gertatzen direla accumbens nukleoan.

«janari-grina konpultsiboaren biomarkatzaile neural bat aurkitu dute»

Hala, batetik, janari-grina konpultsiboaren biomarkatzaile neural bat aurkitu dute ikertzaileek. Baina, bestetik, hiru pazienteetako bat diabetesa tratatzeko tirzepatida hartzen ari zela baliatu zuten, botika horrek garunean nola eragiten zuen aztertzeko. Izan ere, tirzepatidaren gisako GLP-1 hartzaileen agonistak gero eta gehiago erabiltzen dira pisua galtzeko, baina ez dago argi orainik nola lortzen duten hori.

Bada, paziente hura tirzepatida harten hasi zenean desagertu egin zitzaizkion janari-grina konpultsiboa. Eta, elektrodoaren bidez neurtu ahal izan zuten garuneko seinale horiek ere erabat desagertu zirela. Alabaina, sei bat hilabetera, tirzepatida hartzen jarraitzen zuen arren, garuneko seinaleak agertzen hasi ziren, eta, jarraian, itzuli egin zen janari-grina konpultsiboa ere.

Oso hastapenekoak diren arren, ikertzaileen esanean, emaitzok iradokitzen dute tirzepatidak janari-grina murrizten duela elikadura-kontrolarekin lotutako garun-jardueran eraginez.

Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali