Pistak marrazteko metodoak
1999/08/01 Ezpeleta Arenaza, Txema | Ruiz-Larrea, Isabel - Irakaslea eta ikertzaileaFisika Aplikatuko Saila II, EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lerroak egiteko erabili zuten metodoari buruzko teoria bat baino gehiago daude. Ikertzaile batzuen ustez, irudiak egiteko aski zen egile-taldeko kide bat edo bi muino
batera igotzea eta handik gainerako taldekideei aginduak ematea.
Beste aukera bat, aurrekoa baino errazagoa, soka luze bat erabiltzean datza; mutur bietatik soka indarrez atezatuz, lerro zuzen-zuzenak egin daitezke. Orobat, beste irudi korapilatsuago batzuk marrazteko ere erabil daitezke sokak. Ikus dezagun, adibidez, kiribila nola egin daitekeen. Ordokiko puntu batean tankera zirkularra eman zaion harritzarra kokatu beharko da lehenik.
Ondoren, soka luze bat harilkatu beharko da harriaren inguruan —sokaren luzera kiribilaren kanpo-erradioari eman nahi zaion balioaren berdina izango da—. Sokaren mutur askea pertsona baten gerriari lotu behar zaio, eta pertsona horrek harriaren inguruan biraka ibili beharko du astiro-astiro, soka harritik askatzeko asmotan. Hori eginez gero, soka beti ere atezuan dagoela egiaztaturik, pertsonak kiribil perfektua marraztuko du oinen bitartez lurrean. Azkenik, laguntzaileek ildoak egin beharko dituzte aurretik adierazitako ibilbidean zehar.
Animalia eta landareen irudiei dagokienez, bistakoa da lan zailagoa egin beharko zutela. Horrelako kasuetan, jardunbide arruntena honako hau litzateke: neurri txikiko irudi bati nahi bezain handia izan daitekeen eskala-faktorea ezartzea. Maria Reicheren ustez,
nazcatarrek bazuten luzera-unitate bat (1,10 metroren baliokidea gutxi gorabehera), unitate txikiagotan ere zatitzen zutena, eta eskala desberdinen arteko erlazioak finkatzeko erabiltzen zena. Esan bezala, animaliaren irudi txikia egiten zuten aurrenik, koadrikula baten barnean jartzen zuten, eta gero, nahi zuten proportzioan irudikatzen zuten lurrean.
Lerroen luzerak, oro har, zenbait arau jakinen arabera aukeratuta daude. Esate baterako, toki batzuetan eredu hau ikus daiteke: erdiko puntu batetik abiatzen ziren 23 lerro zuzen marrazten zituzten, eta gainera, bi solstizio-lerro eta ekinozio-lerro bat ere irudikatzen zituzten. Pentsatzekoa da, beraz, erdiko puntu horretan hagaren bat ipiniz, egutegi modura erabiltzen zituztela lerro-multzo horiek. Halaber, erraz egiazta daiteke lurreko lerroetako gehienak 182 m luze direla, eta 26 m-ko luzera ere ohikoa zutela.
Baina badaude azalpen zailagoetara jotzen duten ikertzaileak ere. Horietan, aipa dezagun zenbait ikertzailek adierazten dutena: alegia, Nazcako garai hartako biztanleek globo aerostatikoa erabiltzen zutela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia