}

Pirinioetako hartza desagertzeko zorian

2004/11/28 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Pirinioetako azkeneko hartz eme autoktonoa hil da, Canelle. Eta dagoeneko hanka sartzeko beldurrik gabe eta ahots goran esan daiteke Pirinioetako hartza urte gutxian desagertuko dela. Eta hain egoera tamalgarriaren arrazoia ez da ingurune egokiaren falta.
Hartza, geldoa eta baldarra dirudien arren, oso animalia azkarra da.

Jan eta jan, gizentzeko garaia da hartzentzat. Neguko loaldi luzeari aurre egiteko, ahalik eta elikagai-erreserba handiena metatu behar dute haien gorputz sendoan. Izan ere, negua hartz-zuloan igaroko dute, eta udaberrira arte ez dira irtengo. Orduan bai, argalduta eta goseak amorratzen irtengo dira.

Hala irten zen Canelle aurtengo udaberrian, goseak akabatzen. Eta ez zen bakarrik irten, gainera; aldamenean kume jaioberri bat zeukan. Albiste ona zen Pirinioetako hartzentzat; belaunaldi berrirako beste hartz bat jaio baitzen. Belaunaldi urri samarra, kontuan izanda geroz eta hartz gutxiago dagoela Pirinioetan.

Hartz gazte gehienak Esloveniatik ekarritako hartzen ondorengoak dira. Duela zortzi bat urte, 1996an eta 1997an, hiru hartz ekarri zituen Frantziako gobernuak Esloveniatik. Helburua zen hartz haiek bertakoekin edo elkarren artean ugaltzea. Esloveniako hartza Pirinioetako hartzaren espezie berekoa da ( Ursus Arctos ), hartz arrea da, azken finean; baina subespezie horien artean mendeak dira harremanik ez zela izan.

Garai batean hartza Europa osoan bizi zen, eta, nolabait, subespezieak ia ez ziren bereizten. Baina gizakia ugaldu ahala, hartza mendietan ezkutatzen joan zen, eta subespezieek elkarren arrastoa galdu zuten. Zenbait lekutan duintasunez iraun dute bizirik, eta gaur egun ez daude desagertzeko arriskuan.

Kumeak hamasei hilabete inguru egiten ditu amaren aldamenean; bakarrik bizirik irautea zaila da.

Gizakiak ehiza-altxor handitzat dauka hartza, eta artaldeak erasotzen dituenez arerio beldurgarritzat ere bai. Horregatik, toki askotan desagertu egin da, eta beste batzuetan arrisku bizian dago, Pirinioetan kasu. Horregatik ekarri zituzten hiru hartz esloveniarrak, Pirinioetako hartza desagertzear zegoelako. Zalantza zen hartz haiek Pirinioetan bizitzeko gai izango ote ziren. Baina ez zuten arazorik izan tokira egokitzeko, Pirinioak bizileku paregabea baitira, dirudienez.

Oztopoa ingurua baino gehiago gizakia zen, ordea. Eta hiru hartzetako bat, emea bera, tiroz akabatu zuten ehiztari batzuek. Hala, ar batek eta beste eme batek iraun zuten. Eta, elkarrengandik urrun askatu zituzten arren, elkar topatu zuten eta ugaldu egin ziren. Eme esloveniar horrek kumaldi asko hazi ditu ordudanik. Tartean Nere izeneko ar eder bat.

Nere Pirinioetako ekialdean hazi zen, baina heldu ahala mendebalderantz egin zuen. Papillon izeneko hartz piriniar zaharra bizi zen lurralderaino iritsi zen, eta lekua gustatu egin zitzaion, antza, oraindik inguru hartan bizi da eta. Papillonek bere lurraldetik alde egin behar izan zuen. Adituen arabera, hogeita hamar bat urte zituen, hortzik gabe zegoen eta ibilera baldarra zuen.

Papillon artzainei arazoak sortzen hasi zen: artaldeei erasotzen zien, eta ardi asko akabatu ez zituen arren, artaldeak hankaz gora lagako zituen seguruenera: beldurtuta galdutako ardiak, abortuak... Horregatik, transmisore bat jarri zioten nondik nora zebilen jakiteko. Baina, aipatu bezala, Papillon oso zaharra zen, eta udan hil zen, zaharraren zaharrez.

Udazkenean hartzak neguko loaldi luzerako prestatzen dira, jan eta jan.

Papillonek behin baino gehiagotan estali zuen Canelle. Baina adituek uste dute Canellek utzi duen kumea Nererena izango dela, Nerek hartu zuela Papillonen lekua, zentzu guztietan. Nere har gazte eta ederra baita.

Dena dela, Camille ere hor dago. Hogei urte inguru dituela dioten arren, sasoiko dago oraindik Pirinioetako hartz ar hori, eta, diotenez, oso azkarra da. Kumea Camillerena balitz, berta-bertakoa izango litzateke. Baina Nererena izateko aukera gehiago dago, eta, beraz, kumea erdi piriniarra eta erdi esloveniarra da, ia seguru.

Horrenbestez, bi hartz autoktono baino ez dira geratzen: Camille eta Aspe D’Ouest. Biak arrak dira, eta ez dira subespezieari eusteko gai, noski. Esloveniatik ekarritako hartzek arrakasta handiagoa izan dute ugaltzeko orduan, eta dagoeneko talde nahiko handia osatzen dute, baina ez nahikoa; eta Esloveniatik hartz gehiago ekarri beharko dituzte.

Orain begi guztiak belaunaldi berriei begira daude, eta, batez ere, Canelleren kumeari. Ezin da jakin bizirik iraungo duen. Hamar-hamaika hilabete baino ez ditu eta oraindik amaren ondoan egon behar zuen: pago-ezkurra janda gizendu eta negua lozorroan igaro. Berez, datorren urteko maiatza ingurura arte amaren aldamenean egon behar zuen kumeak.

Pirinioak handiak izan arren, gizakia ia txoko guztietara iristen da.

Duela urte batzuk kume hori baino gazteagoak ziren bi kumek aurrera egitea lortu zuten ama ehiztariek hil eta gero. Bi kume horiek elkarren laguntza eta konpainia izan zuten, noski. Canelleren kumeak ez dirudi, oraingoz behintzat, beste hartz baten konpainia izango duenik.

Canelleren heriotzak kumea bakarrik utzi du. Senak aginduta jan eta jan ariko da, eta neguko loaldian sartuko da. Negua bakarrik igarotzeko gai den udaberrian ikusiko dugu. Orduan, kumearen arrastoen bila jardungo dute adituek. Eta, batek daki, agian, emea ala arra den ere jakingo dugu, bizirik irauten badu, noski.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia