Pirinioetako glaziar-jatorriko aintzirak Euskal Herrian
2000/10/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria
Euskal Herrian hezegune-mota honen adibide bakarra dago Nafarroako ipar-ekialdean, Ezkaurreko kararrizko mendilerroan, 1.700 metroko altueran dagoen Ezkaurreko iboia, hain zuzen ere. Dena den, Ezkaurreko gailurraren hegoaldean kokatutako hezegune txiki honek bai glaziar-jatorriko aintziren, bai hurrengo hilabetean aztertuko ditugun hezegune karstikoen ezaugarriak ditu. Dirudienez, bere jatorrian bi faktore horiek izan zuten eragina eta, horregatik, sakonera gutxiko aintzira txiki hau ezin da erabat ez glaziar-jatorrikoa, ez karstikoa kontsideratu.
Gaur egun, Ezkaurreko iboiak betetze-maila handia du eta ur-azala ikus daitekeen aldean zentimetro gutxiko sakonera du.
Pirinioetako goi-mendietako laku gehienetan gertatzen den moduan, honetan ere abeltzaintzaren presio handiak eta oihana galtzeak azkartu egin dute betetze-prozesua. Aintzira honetan ez da landare-gerrikorik bereizten eta bere tamaina txikia dela eta, uretako landare- eta animalia-komunitateak oso urriak dira. Hala ere, zeregin garrantzitsua du zenbait anfibio eta intsekturen ugalketan, kararrizko mendilerro horretan nahiko zaila baita animalia horiek ugaltzeko behar dituzten ur-putzuak aurkitzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia