Pinuen hobekuntza genetikoa
2004/02/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hobekuntza genetikoko programa 1982an jarri zen abian. Lehenik, Euskal Herriko pinu landaketak miatu eta pinurik onenak aukeratu ziren, 80 bat guztira. Pinu horiek ekoizpen-ezaugarriak kontuan izanda aukeratu ziren, tamainaz handiagoak zirelako edo adar gutxiago zituztelako. Izan ere, adar gutxiago izanda, egurrak begi edo korapilo gutxiago izaten ditu, eta, ondorioz, kalitate handiagoa.
Metodo tradizionalari jarraituta, pinu horien kimuak hartu ziren lehenik, eta pinu-mintegi bat osatu zen haiekin. Urte batzuetan pinuak hazten utzi, eta, ondoren, elkarren arteko polinizazioak egin zituzten. Laurogei pinu hoberenen arteko gurutzaketa horietatik lortutako haziekin landare berriak ekoitzi ziren, haietan hobekuntza genetikorik egon zen neurtu ahal izateko.
Metodo horren bidez lortutako landare-kopurua, ordea, ez zen basoetan landatzen zen P. radiata kopurua ordezkatzeko gai. Hobekuntza genetiko bidez lortutako landareak P. radiata guztien % 5 soilik ziren. Hori ikusita, ikertzaileek eta basogintza-sektoreak programaren diagnosia egin eta landare-kopurua handitzeko metodoak bilatzea lehenetsi zuten.
Pinu gehiago lortzeko metodoak
Laborategiko teknikak eta adaxken bidezko landare-ekoizpena bateratuz, pinu-landare hobetuak ahalik eta azkarren eraman nahi dira mendira. (Argazkiak. NEIKER).Hazi-kopuruaren arazoa konpontzeko, klonazio-teknika batzuk garatu ditu NEIKERek: kimuen edo hazien organogenesia, esaterako. Teknika horien bidez, pinu-landare berriak lortzeko ez zaio metodo tradizionalari jarraitzen; hau da, pinuak hazi, gurutzatu eta haien hazietatik landare berriak lortzea. Bide zuzenagoak dira guztiak.
Kimuen organogenesiarekin, adibidez, pinu helduen klonak lor daitezke haien kimuak in vitro ereinez. Horrela, oso ezaugarri bereziak eta onak dituzten zuhaitzen nahi hainbat kopia lortzen dira.
Bestalde, hazien organogenesia ere egin daiteke; in vitro teknikak erabilita, hazi batetik kimu asko sorrarazten dira. Horietako kimu bakoitzetik landare bat lortzen da gero, eta, horrela, oso hazi-kopuru txikietatik landare asko lor daitezke.
Laborategiko teknika horiek guztiak, ordea, oso garestiak dira. Horregatik, genotipo berezi horiek behar den kopuruetan mendira eramateko, tarteko bide bat jarriko dute martxan aurten.
Adaxken ugalketa
Tarteko bide horretan, hobekuntza genetikoaren programan aukeratutako zuhaitzak laborategian klonatu eta gero, haien adaxkak baratzetan landatuko dira. Han, inausketa aproposak eginez, adaxken produkzioa optimizatuko da; lehenengo urtean 7 bat adaxka berri ematea espero da, bigarren urtean 15 eta hirugarrenean 30. Horrela, hazietatik abiatu beharrean adaxka horietatik lortuko dira pinu-landare berriak, basoetara eramango diren landareak.
Beraz, hautespen genetikoko teknika azkarrak erabilita, laborategiko in vitro klonazioak eta adaxken bidezko landare-ekoizpena, benetan hobekuntza genetikoa dakarten pinu-landareak kantitate handiagoetan eta epe laburragoan landatu ahal izango dira. Gainera, gaur egun Pinus radiata -ren inguruan garatutako teknikak beste espezie batzuentzat egokitu daitezke hurrengo urteetan, gorostiarentzat kasu. Horrela, galtzeko arriskuan dauden espezieen mesederako ere aplikatuko da hobekuntza genetikoa.
(Argazkia: www.leps.it).Hazi-kopuruaren arazoaz gain, osasunak izugarrizko garrantzia du sektorearen produkzioan. Pinuetan onddo eta intsektuek eragiten dituzten kalteak ikusita, pinuen osasuna bermatuko zuten ezaugarriak kontuan hartzea erabaki zen. Lurzoruaren kudeaketa eta basogintza-mota ere hasi dira aztertzen dagoeneko.
Osasunari dagozkion ezaugarriak programan txertatzeko, berriz basoetara joan eta beste hautaketa bat egin zen. Aldi hartan, pinurik osasuntsuenak aukeratu ziren, eta, aurrez zeudenekin batera, mintegietan landatu ziren. Bide batez, pinu-mintegi haiek genetikoki dibertsifikatu ziren.
Aldi berean, pinuen ezaugarriak ezagutzeko teknika edo test azkarrak garatzen hasi ziren.
Beraz, osasunari dagokionez, pinuak erresistenteak diren jakiteko, metodo zuzenagoak erabiltzen dira. Hain zuzen ere, hori jakiteko, zauriak egiten dira pinu gazteetan, eta haietan onddoak jartzen dira. Pinuaren erreakzioa neurtuta, hau da, zauriaren luzera eta sendatzeko behar duen denbora, pinu helduak onddoen aurrean zein portaera izango duen aurreikusten da.
Gainera, normalean, onddo batekiko erresistentzia gene batek baino gehiagok kodetzen dute, eta, beraz, ez da erraza metodo tradizionalari jarraituta ezaugarri horiek hurrengo belaunaldietara pasatzea gurutzaketetan. Baliteke hazi batzuetan egotea eta besteetan ez.
Programaren bidez, nolabaiteko bermea duten zuhaitzak zein diren antzematen da, eta ezaugarri horiek baso-landaketetara eramaten dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia