}

Pierre Lemonier astronomoa

2005/05/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzian, aurkikuntzak zuzenean bila joanda egin daitezke, edo ustekabean; norbera aurkikuntzaren jakitun izanda edo ohartu ere egin gabe. Horren adibide izan daiteke Pierre Charles Lemonnier astronomo frantsesa, Saturno aztertzean edo Urano behatzean, esaterako.

Parisen jaiotako astronomoa 16 urte bete aurretik hasi zen bere lehen astronomia-behaketak egiten. Ilargiaren mapa zehatz bat aurkezteak zientzia-akademian sartzeko balio izan zion hogei urte besterik ez zuela.

Urte berean, Laponiara eginiko espedizio geodesikoa zuzendu zuen Pierre Louis Maupertuis astronomoak, eta espedizioko taldean parte hartu zuen Lemonnierrek. Espedizio haren helburua Lurra poloetatik zanpatua zegoela baieztatzea zen, eta, horretarako, Frantziako Zientzia Akademiak espedizio bana bidali zituen Perura eta Laponiara, gradu meridianoaren longitudea neurtzera. Neurketek baieztatu zuten Lurra poloetatik zanpatua zegoela. Gerora ikusi zen, neurketetan hainbat akats egin arren, ondorioak zuzenak zirela. Laponiatik itzulitakoan, Lemonnierrek akademian irakurritako memorietako batean, John Flamsteed-ek igoera zuzenak kalkulatzeko erabilitako metodoaren abantailak azaldu zituen. Igoera zuzena koordenada astronomikoa da, astroak kokatzeko erabiltzen dena eta Lurrean erabiltzen den longitudearen parekoa. Ordu, minutu eta segundotan neurtzen da Eguzkia udaberriko ekinozioan dagoen posiziotik abiatuta. Flamsteedek, bere metodoarekin, lehenago egiten ziren hainbat errore zuzendu zituen.

Lemonnierrek Britainia Handiko astronomiaren berri zuen, eta tresna eta metodo britainiarren defendatzaile sutsua zen. Horien alde egin zuen Frantziako Zientzia Akademian, eta, hala, eragin handia izan zuen Frantziako astronomia praktikoaren eraberritzean. Horren adibide dira, esaterako, Parisko Behatokian jarri zituen iragaite-tresnak. Iragaite-tresnak meridianoa zeharkatzen duten astroak behatzeko eta denbora neurtzeko teleskopio bereziak dira. Baina, tresneria eta metodoak eraberritze horretan oso garrantzitsua izan zen Luis XV.a. Izan ere, Lemonnierrek erregearen begirunea lortu zuen, eta erregeak garaiko tresna astronomiko onenak eskuratzeko modua egin zion. Eta, nola ez, tresna horietako asko Britainia Handian eginak ziren.

Era berean, James Bradley astronomo britainiarrarekin harremana izan zuen postaz. Bradleyk argiaren aberrazioa deskribatu eta nutazioa aurkitu zituen. Argiaren aberrazioa izarretatik datorren argi ikuskorraren desbideratzea da eta, horren ondorioz, izarra ez dugu bere benetako posizioan ikusten. Fenomenoa Lurraren mugimendu orbitalak sortzen du, auto batean goazenean bertikalki jausten diren euri-tantak diagonalean jausten direla dirudien era bertsuan. Nutazioa, berriz, Lurraren ardatzaren mugimendu dardartia da. Lemonnierrek nutazioak eguzki-tauletan eragiten dituen aldaketak zehaztu zituen, hau da, nutazioak eguzkia sartu eta ateratzen den orduak zehazten dituen tauletan eragiten dituen aldaketak.

Planetei dagokienez, Saturnok Jupiterren eragiten dituen perturbazioak ikertu zituen, eta ikerketa horien emaitzak Leonhard Euler matematikari eta fisikari ospetsuak erabili eta baieztatu zituen 1748an aurkeztu zuen saiakeran.

Horiez gain, Lurraren magnetismoaz eta elektrizitate atmosferikoaz ere egin zituen ikerketak. Berak aurkitu zuen elektrizitate atmosferikoak, egunez, jarduera-eredu erregularra duela. Horraino, nahita edo jakinaren gainean egindako aurkikuntzak.

Urano, oharkabekoaurkikuntza

Astronomiaren historian askotan gertatu izan zena gertatu zitzaion Lemonnierri ere. Hau da, planetak ikustea planetak direla jakin gabe; planeten aurreaurkikuntzak dira horiek. Hain zuzen ere, Urano planeta 23 aldiz erregistratu zen planeta gisa identifikatu aurretik. John Flamsteedek 1690ean jada irudikatu zuen Urano izar gisa Pleiadeen azpiko aldean. 34 Tauri izena eman zion.

Uranoren 23 aurreaurkikuntzetatik 12 Lemonnierrek berak egin zituen 1750 eta 1771 bitartean. Beti izar gisa identifikatzen zuen. Egin kontu: 1768ko abenduaren 27tik 1769ko urtarrilaren 23ra bitartean 8 aldiz erregistratu zuen, eta ez zen planetaren mugimenduaz ohartzeko gauza izan. Hasiera batean deigarria da Lemonnier mugimenduaz ez ohartzea, haren behaketek arku-minutu bateko errorea baitzuten soilik; nahiko neurketa zehatzak ziren garai hartarako.

Dena den, orain badakigu Lemonnierrek behaketak egin zituenean Urano 'geldirik' zegoela. Planetaren mugimendua arku-segundo batekoa baino gutxiagokoa zen igoera zuzenean eta 0,1 arku-segundokoa deklinazioan. Hau da, Lemonnierrek zuen minutuko zehaztasuna baino mugimendu txikiagoa zuen Uranok; beraz, geldirik zegoen Lemonnierren tresna eta begientzako.

Pierre Lemonnier

Paris, 1715/11/23
Héril, 1799/05/ 31

Zientzia-akademian onartu zuten 1736ko apirilaren 21ean, hogei urterekin, eta Royal Societyn 1739an. Institutu haren 144 sortzaileetako bat izan zen. 1971n elbarri geratu zen eta 1979an hil zen. Jenio bizikoa behar zuen eta, maiz, behar baino lehen aurkezten zituen ikerketa eta emaitzak. Horren ondorioz, kritika eta eraso asko jasotzen zituen, eta ez zituen erraz ahazten.

Pierre Louis Maupertuis

Matematikari eta astronomo frantsesa (Saint-Malo, 1698 – Basel, 1759). Luis XV.ak ordainduta Laponiarako espedizioa zuzendu zuen meridianoaren gradu baten luzera neurtzeko. Itzulitakoan ia Europa guztiko zientzia-akademietako kide egin zen. Ekintza minimoaren printzipioa enuntziatu zuen. Haren hitzetan, “naturak, ekintzetan, ezinbestekoa soilik gastatzen du”.

John Flamsteed

Paris, 1715/11/23
Héril, 1799/05/ 31

Astronomo ingelesa (Denby, Debyshire, 1646 – – Greenwich, 1719). Greenwich-eko behatokia sortzea proposatu zuen eta haren lehen zuzendaria izan zen (175-1719). Behaketa-tresna eta -teknikak hobetu eta Historia Caelestis Britannica izar-katalogoa egin zuen.