Urola eta Goierri eskualdeetako adingabeen odolean PFAS substantziak atzeman ditu EHUk, Biogipuzkoarekin eta Osasun Publikoko Sailarekin lankidetzan. Berehalako osasun-arriskurik ikusi ez badute ere, jarraipen handiagoa egitea gomendatu dute, esposizioa eta haren ondorioak kontrolatzeko. Gainera, indarrean dagoen araudia eguneratzea eskatzen dute.
PFAS izenaren azpian substantzia-talde zabal bat dago: 14.000 konposatu baino gehiago. Asko erabiltzen dira, industrian eta ohiko kontsumoko produktu askotan; hala nola, sukaldeko tresna itsasgaitzetan, elikagaientzako ontzietan eta ehun iragazgaitzetan. Substantzia horiek oso iraunkorrak dira ingurumenean, eta toxikoak eta osasunerako arriskutsuak izan litezke.
Ikerketa honetan INMA proiektuan 2011 eta 2022 artean hartutako Urola eta Goierriko 315 adingaberen odol-laginak aztertu dituzte. Lagin horietan 42 konposaturen bilaketa eginda, 18 detektatu zituzten; ohikoenak, % 70 eta % 97 arteko tasatan detektatu zituzten. Ikertzaileen esanean, emaitzek agerian uzten dute esposizio handia dugula. Aitortzen dute zaila dela jakitea adingabeen organismoetan aurkitutako PFASen mailak altuak edo baxuak diren; gai hori ez baita aztertu gizakientzako muga seguruak definitzeko adina. Edonola ere, horrenbeste egotea kezkagarria dela uste dute, eta garrantzitsua dela horrelako ikerketa gehiago egitea, ondorioak hobeto ezagutzeko eta minimizatzeko modua bilatzeko.
PFAS horiek haurren gibelean eta garapenean izan ditzakeen arriskuak ere ebaluatu dituzte eta, oro har, ondorioztatu dute ez dagoela berehalako arrisku-seinalerik. Hala ere, ohartarazi dute orain kezkagarria ez dirudien arren, litekeena dela etorkizunera begira arriskua handiagoa izatea. Azaldu dutenez, arriskua ebaluatzeko gaur egungo metodoek muga esanguratsuak dituzte; izan ere, animalietan egindako ikerketetan oinarritzen dira batez ere, eta horrek haien zehaztasuna murrizten du gizakietara estrapolatzean. Beraz, arriskua ebaluatzeko metodoak doitzeko eta pertsonengan oinarritutako azterlan gehiago egiteko premiaz ohartarazi dute, datu errealistagoak lortzeko.
Bestalde, ikertzaileek azpimarratu dute dute PFAS substantzien erabilera mugatzeko indarrean dagoen araudia ez dela guztiz eraginkorra izan; izan ere, PFAS batzuei mugak ezarri bazaizkie ere, konposatu horiek presente jarraitzen dute haurretan. Gainera, uste dute araudia eguneratu egin beharko litzatekeela sortzen ari diren konposatu berriak kontuan hartzeko, horien presentzia frogatuta baitago. Alde horretatik, PFAS berrienen toxikotasunari buruzko azterketa gehiago egiteko premia nabarmentzen dute, horien arriskua oraindik ez baitago argituta.
Etxebeste Aduriz, Egoitz
Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.