Petra-ko eliza bizantziarra
1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Jordaniako hegoaldean, Itsaso Hiletik 70 kilometrora Petra hiri historikoa dago. Garai batean Nabateoen erresumako hiriburu, karabanen topaleku eta merkatal gune garrantzitsu izan zen. Haitzean tailatutako fatxada eta hilobi dotoreak dituelako da ezaguna, baina azkenaldian hiru nabeko edifizio baten hondakinak eta erre samartutako berrogei bat papiro-erroilu aurkitu dituzte.
Monastegi baten ondoko eliza bizantziarraren hondakinak dira eta ACOR (American Center of Oriental Research) erakundeko ikerleek aurkitu dituzte. Erliebe, mosaiko eta dekorazioaren estiloan oinarrituz, VI. mende hasierakoa dela adierazi dute. Papiroak, sermoiak eta gora-behera politikoekiko korrespondentzia izan daitezke.
Badirudi eliza 551. urtean hondatu zela, Petran lurrikarak kalte handiak eragin zituenean. Edifizioko alboko bi nabeetan lurrean mosaiko dotoreak aurkitu dituzte, pertsona, animalia eta objektuen irudi interesgarriak daudelarik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia