Pestiziden iruzurra
2007/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nekazariek, batzuetan, kostuak murrizteko pestizida merkeagoak erosten dituzte. Hori egiten dutenek, baina, aurreztutakoa baino askoz galera handiagoak izateko arriskua dute, pestizida merke horiek askotan faltsututakoak izaten baitira.
Sasipestizidak, kasu batzuetan, benetako produktuen kopia sofistikatuak badira ere, beste batzuetan imitazio merkeak baino ez dira, Chemistry and Industry aldizkariaren arabera. Laboreak Babesteko Europako Elkartearen arabera, arazoa gero eta larriagoa da, eta desberdintasun handiak daude herrialdeen artean. Esate baterako, Polonian erabilitako pestiziden % 10 faltsuak dira, baina Espainiako Almeria aldean % 25eraino iristen da ehuneko hori.
Konposatu horiek ez daude onartuta, eta arriskutsuak izan daitezke, baina, hala ere, supermerkatuetako fruta eta barazkietaraino heltzen dira. Laboreak Babesteko Europako Elkarteak dioenez, zenbait jende gaixotu egin izan da produktu horien erruz. Horrez gain, produktu horiek erabiltzen dituzten nekazariek beren osasunari ere egiten diote kalte, eta baita ingurumenari eta laboreei ere, azken horien galera eragin baitezakete.