}

Perretxikoen garaia

2007/10/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Perretxikozale gehienak udazkena iristeko irrikan izaten dira, otarra hartuta lurrak ematen duen fruitu preziatuenetako bat biltzera joateko. Zale amorratuak udaberrian eta udan ere ibili ohi dira, baina udazkeneko hitzorduan ez dute huts egingo: mendian gora eta behera ibiliko dira, urtero bisitatzen dituzten txoko ezkutuetan, baso eta zelaietan, perretxiko bila. Izan ere, urrezko garaia iritsi da; eta eguraldiak laguntzen badu, eta hego-haizeak zapuzten ez baditu, behinik behin, perretxikoz beteko dira bazterrak.
Perretxikoen garaia
2007/10/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Amanita pantherina.
D. Solabarrieta

Ez da kasualitatea perretxiko-espezie asko udazkenean agertzea. Azalpena perretxikoaren izaeran bertan dago. Izan ere, perretxikoa, berez, onddo baten fruitua da (adituek gorputz fruitu-emaile esaten diote, karpoforo). Perretxikoak ematen dituzten onddoetako asko lur azpian daude, eta zuhaitzen sustraietatik hartzen dute behar duten elikagaia. Zuhaitzek, oro har, uda-bukaeran eta udazkenean indarra galtzen dute; hortaz, onddoak zuhaitza 'bereganatzeko' aprobetxatzen du. Hala, udazkenean bertan emango du bere fruitua.

Dena dela, zuhaitzaren eta onddoaren arteko harremana sinbiotikoa da; hau da, onddoak behar duen elikagaia (materia organikoa) zuhaitzaren sustraietatik jasotzen du, eta, ordainetan, zuhaitzak behar dituen hainbat substantzia jasotzen ditu onddoaren eskutik, ura eta gatz mineralak, besteak beste. Horretarako, onddoaren hifek (onddoa osatzen duten hari-itxurako egiturek) zuhaitzaren sustraiak biltzen dituzte, eta elkarte sendo bat osatzen dute: mikorriza.

Zuhaitzaren eta onddoaren arteko harremana oso estua da. Horregatik, perretxiko-espezie batzuk zuhaitz-espezie jakin bateko basoetan hazten dira: batzuk pinudietan, esnegorria edo niskaloa, Lactarius delicius , esaterako; beste batzuk pagadietan eta hariztietan, onddo beltza, Boletus aereus , esaterako; eta abar.

Dena dela, onddo-espezie batzuek bakarrik osatzen dituzte mikorrizak. Beste onddo batzuk parasitoak dira, eta beste batzuek materia organiko hilez elikatzen dira; hala, onddo batzuen hifak enborretan, gorotzetan edo orbeletan hazten dira. Onddo horiei saprofito deritze, eta, besteak beste, hondakinak degradatzen laguntzen dute. Onddo horietako askok ere udazkenean ematen dituzte perretxikoak, orbeletan hazten direnek, esate baterako.

Tripakia edo negu-ziza ( Hydnum repandum ) . Perretxiko hau udazkenean sorgin-korroak eginez hazten da, hau da, zirkuluak edo zirkuluerdiak osatzen dituzte hainbat alek, mizelioaren mugen adierazgarri. Mamitsua da, eta himenioak (txapelaren azpiko geruza espora-emailea) ezten-itxura du.
(Argazkia: D. Solabarrieta)

Perretxikoa, etxearen teilatua

Hortaz, perretxikoa zatirik nabarmenena izan arren, normalean ezkutuan hazten den onddo baten azken muturra baino ez da, esporak zabaltzeko erabiltzen duen egitura dotorea. Izan ere, onddo horiek espora bidez ugaltzen dira. Perretxiko bakoitzak milioika espora askatzen ditu; eta horietako bat kondizio egokiak dituen eremu batera iristen bada, mizelio primario bat osatzen du, onddoaren gorputz begetatiboa, alegia.

Onddoen arteko konpetentzia ikaragarria da. Mizelio asko hazten dira, baina elkarri eragozten diote, eta mizelio guztiek ez dute lortzen perretxikoak ematerik. Dena dela, gehienetan, mizelio primario hori ez da emankorra; beste espora bateragarri baten mizelioaren beharra du mizelio sekundario bat osatzeko, emankorra izango den mizelioa sortzeko, alegia. Hezetasun- eta tenperatura-kondizio egokiak daudenean, mizelio sekundario horrek bai, emango ditu perretxikoak.

Gibelurdina, Russula virescens.
D. Solabarrieta

Espeziearen arabera, perretxikoak hazteko azalera bat har dezake euskarri gisa (azal horia, Stereum hirsutum , adibidez, adar erorietan hazten da), lur azpian bertan haz liteke (boilur famatuak, Tuber melanosporum , esaterako) edo lurrazaletik gora altxatuta, hanka bat eta txapel batez osatutako egitura klasikoa hartuta --beste egitura bereziago batzuk ere badira, atzaparren antzekoa, azaren itxura duena...--.

'Hanka eta txapel' egitura klasikoaren kasuan, hanka luzatzen doan neurrian txapela zabalduz joaten da, eta txapelaren azpiak dagoen himenioa (esporak gordetzen dituen egitura) agerian geratzen da. Esporak heldutakoan, askatu eta beste onddo bati bizia emateko prest egongo dira, zikloari berriro ekiteko. Beste egitura batzuk dituzten perretxikoek beste estrategia batzuk dituzte esporak zabaltzeko, baina helburua, azken finean, bera da.

Perretxikoak egun batzuk behar ditu hazteko eta esporak zabaltzeko; ondoren, zimeldu egingo da (aurrez animaliaren batek jaten ez badu). Baina mizelioak bizirik jarraitzen du; eta berriro ere kondizio egokiak dituenean, perretxikoak emateari ekingo dio. Horregatik, perretxiko-biltzaileek behin eta berriz leku berberetara jotzen dute, baina, pikardiaz, ondo gordetzen dute leku horien sekretua.

Onddo zuria, Boletus edulis.
D. Solabarrieta

Eskerrak Aranzadiko Mikologia sailari emandako laguntzagatik.

Rementeria Argote, Nagore
3
235
2007
10
033
Biologia; Botanika
Artikulua
32

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia