}

Perretxikoak, basoen fruitu goxo edo arriskutsu

2000/09/17 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Urteko edozein sasoi -uda eta negua ez hainbeste- egokia da perretxikotan egiteko, baina udazkena -udaberria ere bai- ei da gustukoena zaletasun hori dutenendako. Udazkena ate-joka dator, hemen izango da datorren asterako. Zuhaitzek hostoak galduko dituzte, gaztainadiak bete-bete eginda egongo dira, mendiak kolore-metamorfosia osatuko du, berdeetatik gorrixketara; basoak, berriz, perretxiko-biltzailez beteko dira.

Perretxikoak lurpean hazten diren onddoen fruituak besterik ez dira. Udaberrian eta udazkenean sortzen dira gehien. Eta hori ez da kasualitatea. Onddoetako esporak ernetzeko hezetasun handi samarra -% 70etik gorakoa- eta tenperatura epela behar izaten dira. Lehorterik ez bada behintzat, hemengo udaberriak eta udazkenak oso ondo betetzen dituzte bi baldintza horiek.

Beraz, hurrengo egunetan, zorte- eta pazientzia-apur bat izanez gero, perretxikoak eskura izango dira Euskal Herriko basoetan. Baina, kontuz! Ez dago edozein perretxiko hartzerik. Izan ere, bada hainbat perretxiko pozoitsu, eta horietako batzuk hilgarriak ere izan daitezke. Euskal Herrian, mikologiari buruzko ezagutza handi samarra denez, ez da perretxikoen ondorioz pozoitze gehiegi gertatzen. Dena den, hori ez da beti horrela izan. Gerra ondorengo urteetan -gose-urteetan- makina bat jende pozoitu eta hil zen Euskal Herrian. Gaur egun, zorionez, horrelako premiarik ez dagoenez, jendeak zalantzazkoa izan daitekeen perretxikorik ez du jaten; hortaz, pozoitu gutxi izaten da. Eta izaten direnean ere, ez dute sasoi batean bezain eragin larririk izaten. Adituek diotenez, duela urte batzuk perretxiko hilgarriak jaten zituztenetatik % 80 hiltzen zen; gaur egun, aldiz, zientziaren aurrerapenari esker, pozoitutakoak garaiz hartuz gero, hiltzeko arriskua % 5 - % 10ekoa besterik ez litzateke.

Perretxikoak onak edo txarrak diren jakiteko modu bakarra, perretxikoen ezaugarri morfologikoei erreparatzea da:

  • Ezaugarri makroskopikoen bidez (forma, kolorea, hanka, orriak, eraztunik duen edo ez…).
  • Ezaugarri organoleptikoen bidez (usaina, zaporea…).
  • Ezaugarri makrokimikoen bidez (erreaktibo kimikoen bidezko mami eta azaleko aldaketak).
  • Ezaugarri mikroskopikoen bidez (esporak, trama…).

Jakina, perretxikoak jateko biltzen badira, nahikoa da ezaugarri makroskopikoei eta organoleptikoei erreparatzea. Horrekin batera, perretxikoei buruzko liburuen laguntza ere estimatzekoa izaten da. Perretxikoak aztertzeko edo sailkatzeko, berriz, ezaugarri makrokimikoak eta mikroskopikoak ere kontuan hartu behar izaten dira.

Pozoitzea egokituz gero, lehenbizi osasun-zerbitzuekin jarri behar da harremanetan. Sendagilea etorri baino lehen edo larrialdi-zerbitzuetara eraman bitartean, jan duena botarazteko, pozoituari ur gazia eman dakioke. Osasun-zerbitzuetakoei honako datu hauek eman behar zaizkie:

  • Perretxikoak noiz bildutakoak ziren eta zer ordutan jan diren.
  • Jandako espezieen datuak (izena, kolorea, usaina, bildu diren tokia…).
  • Jan denetik lehen sintomak azaldu diren arte zenbat denbora iragan den.
  • Perretxikoak nola prestatu diren.
  • Perretxiko berdinak zenbat jendek jan dituen eta zenbat pozoitu diren.
  • Prestatu ez diren aleak, zaborretara bota direnak, jan gabe geratu dena, gonbitoak… eraman behar zaizkie.

Edozelan ere, perretxikotan jarduteko asmotan direnentzat pozoitze-arriskua saihesteko aholku bakarra nahikoa izan daiteke: ez hartu zalantza sortzen duen perretxikorik. Ondorengo perretxiko hauek jateko onak dira, eta udazkenean aurkitu ahal izango dituzu:

Boletus aereus (onddo beltza)

Perretxikozaleentzat estimatuenetarikoa, oso gutxi ikusten baita. Zapore atsegin eta lurrintsua du, usaina bezalakoa. Pagadietan, hariztietan eta artadietan ateratzen da.

Boletus pinicola (onddo beltza)

Aurrekoa eta hau askotan nahastu egiten dira. Oso jangarria eta estimatua da. Fresko dagoenean zapore eta usain atseginak ditu; lehor dagoenean, berriz, biziegia eta aromatiko samarra. Bere izenak ondo adierazten duenez, pinudietan ateratzen da, baina pagadietan ere ikus daiteke.

Boletus edulis (onddo zuria)

Oso zapore gozoko haragi zuria izaten duenez, jateko oso ona da. Gehienbat zuhaiztietan eta pinudietan ateratzen da.

Boletus aestivalis (onddo zuria)

Oso zapore gozoko onddoa da. Boletus edulis baino txikiagoa, baina ez da hura bezain preziatua, harrak berehala jotzen baitu. Urriaren erdialdera desagertzen da.

Camarophylls pratensis (belardi-ezkoa)

Perretxiko-biltzaileentzat oso interesgarria da, batetik belardi hezeetan asko aurkitu ahal delako eta, bestetik, berandu ateratzen delako, urriaren azken egunetatik urtea bukatu arte.

Clitocybe geotropa (urril-ziza, San Martin ziza)

Lerroan elkarturik ateratzen dira udazkena bukatzerakoan, hostozabelen basoetan batzuetan eta larreetan bestetan. Jangarria eta ona da, baina ez da oso arrunta.

Lepista nuda (ziza hankaurdina)

Ziza hankaurdina arrunta da, bai udazkenean eta bai neguan. Batzuetan udaberrian Euskal Herriko pinudietan ere ateratzen da, eta baita basoen ondoko belardietan edo hostozabalen basoetan ere. Perretxikozaleek asko estimatzen dute.

Tricholoma equestre (zaldun-ziza orrihoria)

Urriaren bukaeran agertzen da eta lehen hormatea ailegatu arte irauten du. Kolore horiko ziza hau Euskal Herrian ez da oso erraz aurkitzen. Koniferoen azpian agertzen dira, silizedun lurretan. Iparraldean 1958. urtean 12 pozoidura izan ziren perretxiko hau zelakoan Amanita phalloides-a jan zutelako. Kontuz, beraz.

Tricholoma terreum (ziza arrea)

Udazken bukaeran agertzen den perretxiko hau txikia eta jangarria da. Konifero-basoetan aurki daiteke, eta Euskal Herriko pinudietan arrunta da azaroan eta abenduan.

Marasmius oreade (marasmio jangarria)

Perretxiko hau oso preziatua eta ezaguna da. Izan ere, kontserbarako lehortzea erraza denez, perretxikozaleek asko estimatzen dute, neguan zopak eta saltsak egiteko erabil baitezakete. Belar artean ateratzen da, larre, lorategi eta bide ertzetan. Inguruko belarra ilundu egiten du.

Clitopilus prunulus (errotaria)

Perretxiko arrunta udan eta udazkenean. Belar artean, hostozabal desberdinen azpian ateratzen da, askotan boletus jangarri klasikoekin batera. Horregatik perretxikozale askok "txibato" izena ipini diote, onddoak gertu egoten direlako. Jangarria eta bikaina da.

Lactarius deliciosus (esnegorria, pinutela, nizkaloa)

Udazkenean eta neguaren hasieran ateratzen da, kare-lurretako pinuen azpian. Euskal Herrian ez zen jaten, baina mende hasierako oihal-lantegietara etorri ziren kataluniarrek kontrako joera erakutsi zuten.

Russula virescens (gibelurdina)

) Azarora arte ateratzen da hostozabalen basoetako goroldio eta belarretan, batez ere hariztietan, eta noizbehinka koniferoen azpian.

Russula Cyanoxantha (urretxa, gibelurdina)

Oso perretxiko arrunta da. Udan eta udazkenean ateratzen da, bai hostozabal eta bai koniferoen basoetan. Perretxiko hau eta aurrekoa Amanita phalloides-ekin erraz nahas daitezke.

Amanita caesarea (kuletoa, gorringoa)

Gaztainadietan, hariztietan eta pagadietan agertzen da uda bukaeran eta udazken osoan. Sekulako ospea du, perretxikoetan "errege" dela diote, beharbada aurkitzea oso zaila delako. Amanita muscariarekin eta kuleto faltsu pozoitsuarekin nahas daiteke.

Macrolepiota procera (galanperna)

Lehen, Araban izan ezik, galanpernarik ez zen jaten Euskal Herrian, baina mikologia-lehiaketak egiten hasi zirenean, leku askotan hasi ziren biltzen eta ezagutzen. Erraz aurki daiteke.

Cantharellus cibarius (zizahoria, saltsa-perretxikoa)

Zizahoria lurrean ateratzen da udaberriaren hasieratik udazkena bitartean, batez ere silize lurretan, bai hostozabal eta bai koniferoen azpian. Jangarria eta bikaina da, ugaria sasoien arabera, eta saltsak edo gisatuak egiteko oso preziatua.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia