
Kanadako ipar-mendebaldeko sumendi-errauts batzuk datatu, eta, bide batez, Ipar Amerikan ezagutzen duten izotz-zati zaharrena identifikatu dute. Sumendi-errautsak permafrost-geruza baten gainean daude, eta 680.000 eta 800.000 urte bitarteko adina dutela kalkulatu du Kanadako Alberta Unibertsitateko ikertzaile batek. Horrek esan nahi du errautsen azpiko izotzak gutxienez adin hori izan behar duela.
Harrituta utzi ditu aurkikuntza horrek zientzialariak, orain arte uste baitzuten orain dela 120.000 urte inguru izan zen beroaldiak urtu egin zituela inguru horietako permafrost-eremu guztiak. Errautsak permafrostaren gainean egoteko, ordea, izotzak beroaldi horri eutsi behar izan zion, halabeharrez. Beraz, eremu jakin horretan, behintzat, ez zen guztiz urtu.
Irudia: C. Q. Choi
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.







