}

Pentsatze hutsarekin jan

2008/06/22 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Elbarriek, oro har, ez dute arazorik izaten garunean, garunaren agindua gauzatzeko ardura duten gorputz-adarretan baizik, gorputz-adarrak falta dituztelako, haraino iritsi beharko luketen nerbioak iritsi ezin direlako edo dena delakoarengatik.
Elbarriek, oro har, ez dute arazorik izaten garunean, garunaren agindua gauzatzeko ardura duten gorputz-adarretan baizik.

Besoen mugimendua, ordea, garunak zuzentzen du. Hortaz, elbarriek berez ez lukete arazorik izango gorputz-adar ortopediko bat mugitzeko haien garunaren agindua interpretatzeko modurik asmatuko balute. Bada, makako pare baten pentsamendua interpretatzeko bide bat lortu dute Pittsburgh Unibertsitatean, eta makakoak gai dira pentsatze hutsarekin beso bioniko bat mugitzeko.

Lehenik, zer lan egin behar zuten irakatsi zieten makakoei. Horretarako, mugimendua ikusarazi zieten, eta, ondoren, aginte-palanka batez protesia mugitzen irakatsi zieten. Mugimendua ikustean aktibatu zitzaizkien neuronak eta besoa mugitzeko aktibatuko lituzketenak neurona berak izan ziren.

Orduan, elektrodo batzuk sartu zizkieten neuronen jarduerari antzemateko, eta, programa informatiko baten bidez, makakoari aktibatzen zitzaizkion neuronak protesiak egiten zituen mugimenduekin lotu zituzten; hau da, programatu egin zuten neuronen zer jarduerak mugiarazi nahi zuen besoa.

Besoek nahiko ongi imitatzen zuten beso normal baten mugimendua; hau da, sorbalda luza eta makur zitekeen, biraraz zitekeen, ukondoa ere luza eta makur zitekeen eta abar. Eskua motorizatutako pintza bat zen. Hortaz, makakoek besoen mugimendu berak egin zitzaketen protesiekin.

Esperimentua egiteko, besoak immobilizatu egin zizkieten makakoei (besaurreak hodi banatan sarrarazi zizkieten erabil ez zitzaten). Programa informatiko horri esker, berez besoekin egingo luketen mugimendua beso ortopedikoaren bidez egiten hasi ziren makakoak: ikertzaileak tximinoen parean fruta-zatitxo bat jartzen zuenean, protesiarekin hartu eta ahoratzen zuten. Hatz ortopedikoak milikatu ere egiten zituzten! Tarteka, ikertzaileek lekuz aldatzen zituzten fruta-zatitxoak, eta tximinoek arazorik gabe bideratzen zuten besoa fruta-zatitxoa zegoen lekura.

Esperimentuan grabatutako bideoaren fotograma batzuk. Makakoak besoarekin fruta-zatitxoa hartu eta ahoratu egin zuen, baita besoaren hatzak milikatu ere (Argazkia: Motorlab/Pittsburgh Unibertsitatea).

Tira, guzti-guztietan ez, tarteka kale egiten zuten. Baina zenbat eta gehiago errepikatu mugimendua, orduan eta errazagoa zen makakoentzat erabiltzea, eta orduan eta naturalagoa zen besoaren mugimendua, eta antz handiagoa zuen beso arrunt baten mugimenduarekin. Are gehiago, zientzialariek ikusi zuten makakoek fruta-zati bat murtxikatzen ari ziren bitartean beste zatitxo baten bila luzatzen zutela besoa, edo begiak eta burua nahierara mugitzeak ez ziola eragiten protesiaren mugimenduari.

Gizakiarentzat, noizko?

Elbarriek berez ez lukete arazorik izango gorputz-adar ortopediko bat mugitzeko haien garunaren agindua interpretatzeko modurik asmatuko balute.

Jateko bakarrik ez, horretan dabiltzan zientzialariek uste dute hainbat erabilera izango duela gizakiarentzat makakoekin lortu duten horrek. Hala ere, ikertzaileen euren esanean, asko hobetu beharko dituzte garuneko inplanteak gizakiarentzat egokiak izan daitezen.

Alde batetik, elektrodoek erresistenteagoak eta iraunkorragoak izan beharko dute (makakoekin erabili dituztenak hauskorregiak dira). Eta, bestetik, nolabait lortu beharko dute elektrodoak garunean ez txertatzea. Hain zuzen ere, hori da orain duten arazo handienetako bat: garunak berekin kontaktuan dagoen elektrodo-zatia ehunez inguratzen du, hau da, zauri bat sendatzeko sortzen dituen orbainen antzeko bat sortzen du.

Arazo horiek konpontzea lortzen dutenean, urte askoan iraungo duten tresnak garatzeko moduan egongo direla uste dute ikertzaileek. Baina urrun samar daude oraindik pauso horretatik. Hasi ere ez dira egin gizakiekin lanean; pare bat urteren buruan dute hasteko asmoa.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia