Pentsatu eta esan, ahoa mugitu gabe
2009/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Ahots-sintetizagailu baten bidez, muskuluak mugitu ezin dituen pertsona batek pentsatutako bokalak hots bihurtzea lortu dute Bostongo Unibertsitateko ikertzaileek. Horretarako, lehendabizi ikertzaileek baieztatu dute pertsona horren eta mugitzeko arazorik ez dutenen garuneko jarduera berdina dela. RMIf-a erabilita frogatu zuten hori, eta, gainera, hiru bokal jakinen irudiak identifikatu zituzten.
Gero, garunean mintzamenarekin erlazionatutako eremuetan txertatzeko elektrodo batzuk prestatu zituzten. Errefus-arazorik ez izateko, eta ondo ainguratuta geratzeko, neuronei hazten laguntzen dieten substantziekin estali zituzten elektrodoak. Elektrodoek jasotako seinaleak hamabost urtetan garatutako programa informatiko batera bideratu zituzten, eta handik, ahots-sintetizagailura. Hala, pertsona hark pentsatutako bokalak hots bihurtu ziren.
Hurrengo pausoa da gainerako bokalak eta, orobat, kontsonanteak identifikatzea eta deskodetzea, eta, denborarekin, programak esaldi osoak ezagutzeko gaitasuna izatea espero dute ikertzaileek. Zalantzarik gabe, aurrerapauso galanta izango litzateke paralisi larria duten pertsonentzat, orain arte erabiltzen diren sistemak baino askoz ere azkarragoa eta errazagoa izango balitzateke. Orain erabiltzen diren sistemen artean, ezagunenetakoak begiradan oinarritutakoak dira (eye tracking).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia