Pentsamenduak gidatutako makinak
2000/11/21 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Ikerketa zientifikoak etengabe egiten du aurrera eta duela urte batzuk zientzia fikzioa zena errealitate bihurtu da dagoeneko. Garuna gizakiok dugun organorik boteretsuena izaki, harek nola funtzionatzen duen jakiteko gogoa ikaragarria da. Seguruenik ez da inoiz horrenbeste lortuko, baina bidean ikasten ari garena ordaindu ezina da. Pentsamenduak gidatutako gailuen alorra, esaterako, abiada bizian ari da garatzen.
Muskuluen ordezkoak
Nature aldizkariaren azkeneko zenbakian adierazi dutenez, Estatu Batuetako Duke Unibertsitatean, tximino baten garuneko seinaleak erabiliz, robot baten besoak mugiaraztea lortu dute. Esperimentua erabat arrakastatsua izan da, robotaren besoak tximuarenak egiten zituen mugimendu berberak aldi berean errepikatu baititu. Tximua objektuak hartzeko eta besoak ezker-eskuin mugitzeko hezita dago eta horiek dira, hortaz, oraingoz imitatzea lortu diren mugimenduak.
Ikerketak aplikazio interesgarriak izan ditzake medikuntzan, batez ere gorputz adarrak galdu dituztenentzat protesiak prestatzeko eta paralisiak jota daudenei euren gorputzaren kontrola berreskuratzen laguntzeko. Asmakuntza honi esker, giharrak bitartekari gisa erabili beharrik ez da izango garuneko aginduak ekintza bilakatzeko; zuzenean igaroko dira garunetik protesietara.
Hasieran, nerbio sistemako endekapen gaixotasunen ondorioz erabat paralizatuta dauden pertsonek aterako diote probetxua sistema berriari. Paralisia erabatekoa denean, mugitzeko ezintasunari ingurukoekin ezin komunikatzea gehitu behar zaio, eta hori da askotan okerrena. Begiak kontrolatzeko gai direnentzat badaude begiaren mugimendua jarraitu eta idaztea ahalbidetzen dieten ordenagailuak: gaixoak pantaila batean idatzitako letrei banaka begiratu eta gailuak zein letrari begiratu dion identifikatu eta idazten du. Baina ezindu larrienek begien mugimendua ere ezin dute kontrolatu.
Bestalde, gizakiaren garunak eginkizun berrietara egokitzeko duen gaitasunak asko bultza dezake protesi artifizialen alorra. Gaitasun hori aspalditik ezagutzen dute ikerlariek. Itsututako pertsona batengan, esaterako, ikusmenaz arduratzen ziren garuneko aldeek Braille-a irakurtzeak eragiten dituen ukipen sentsazioak jasotzen dituzte.
Protesiekin antzeko zerbait gertatuko da; hasieran zakarrak izan daitezkeen mugimenduak findu egingo dira denboraren poderioz, garunak bereganatu egingo baitu protesia higiaratzeko prozedura.
Proiektuaren deskribapena
Pentsamenduak irakurri ahal izateko, tximinoari garuneko bost aldetan kono itxurako elektrodo txikiak ezarri dizkiote. Elektrodo horiek bereziak dira, euren barnealdean garuneko nerbio zelulak haztea eragiten baitute. Horrela, eletrodoen eta zelulen arteko lotura iraunkorra izatea lortzen da eta ikerlariek tximinoaren garuneko informazio guztia denbora errealean eskura dezakete.
Informazio hori ordenagailu berezi batek prozesatzen du. Izan ere, elektrodoek mota guztietako seinaleak biltzen dituzte eta nahas-mahas horretatik mugimenduari dagozkionak soilik bereizi behar dira. Interesgarriak diren seinaleak, filtratu ondoren, ordenagailuak anplifikatu eta konbinatu egiten ditu. Ordenagailuak informazioa segundo oro jaso eta lantzen du eta, horrekin, robotak egingo duen mugimendua prestatzen du. Segundo bakoitzean jasotako seinaleek beso mekanikoak hurrengo segundoan egingo duen mugimendua aurresaten du.
Johan Wessberg-en ikerketa taldeari esker, hainbat muga gainditu dira. Robotaren besoa noranzko bakarrean edo hiru dimentsiotan higiarazteko zeuden arazoak konpontzea lortu du batetik; eta bestetik, tximuak eskuinaldeko objektuak hartzean bidalitako seinaleek robotaren besoa ezkerraldera higiarazteko balio dutela ikusi dute. Ezaugarri «orokor» horiek oso baliagarriak izango dira beso mekanikoetan mugimendu konplexuak eragiteko orduan. Mugimendu naturalak imitatzeko gai izango diren roboten etorkizuna geroz eta hurbilago dago.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia