
Dagoeneko bere behin betiko kokalekuan dago ALMA teleskopioaren lehenengo antena. Zehazki, Chajnantor behatokian jarri dute, Txileko Atacama basamortuan, 5.100 metro inguruko altueran.
Denera, 66 antena izango ditu teleskopioak, eta denak batera arituko dira lanean. Martxan jarri aurretik, baina, muntatu eta probatu egin behar dituzte antenak, eta, lan hori egiteko, beste instalazio bat dute, Chajnantorrekoak baino kondizio eramangarriagoak dituena, 2.900 metroko altueran.
Batetik bestera 28 kilometroko distantzia dago, eta lehenengo antena hori eramateko zazpi ordu inguru behar izan dituzte. Poliki-poliki egin dute bidea, antenak kalterik jasaten ez zuela bermatzeko. Eta, arduradunek adierazi dutenez, behar bezala iritsi da.
Oso leku aproposa da Chajnantor behatokia ALMA teleskopioak egingo dituen behaketak egiteko. Hain zuzen, uhin milimetrikoekin eta subilimetrikoekin egingo du lan, hau da, argi infragorriaren eta irrati-uhinen arteko uhinekin —orain arte ia ez da aztertu unibertsoa neurri horretako uhin-luzeratako argiarekin—.
Horretarako, baina, ingurune-kondizio jakin batzuetan egon behar du teleskopioak. Esate baterako, ezinbestekoa da atmosfera oso lehor egotea, ur-lurrunak neurri-tarte horretako uhinak xurgatzen baititu. Eta Atacama basamortuko Chajnantor behatokian egon, badaude.
Irudia: ALMA (ESO/NAOJ/NRAO)
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.