Pauma arren isats luzea, modatik joana
2008/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tokioko Unibertsitatean egindako azterketa baten arabera, pauma arrek galdu egin dute emeak isatsaren bidez erakartzeko gaitasuna.
Pauma arren isatsa haien gorputza baino luzeagoa da, eta neurriz gaineko apaingarriak ditu. Arrak energia handia inbertitu behar izaten du horretan.
Aspalditik eman dioten azalpena da sexu-hautespenaren ondorioz garatutako ezaugarria dela, alegia, pauma emeek isats luze eta apainduak gustuko dituztelako aukeratzen dutela bikotekidea.
Teoria hori baieztatzeko asmoz, paumen arteko 268 estalketa behatu zituen Tokioko Unibertsitatean animalien portaera aztertzen duen talde batek. Eta, espero zutenaren kontra, ikusi zuten emeek ez zutela ezaugarri jakin bat bilatzen estaltzeko aukeratzen zuten pauman.
Hori ikusita, saiatu dira azaltzen zergatik garatu duten arrek horrelako isats luzea. Uste dutenez, garai batean bai, emeek garrantzia ematen zioten arren isatsaren itxurari, baina, orain, modatik joan den ezaugarri bilakatu da, nonbait.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia