}

Pauli, Wolgang

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1900-1958)

Fisikari austro-estatubatuarra Vienan sortu zen 1900. urtean. Gaztetatik izan zuen zientziarako joera eta 21 urte zituela Munich-eko Unibertsitatean doktoratu zen. Bohr-en teoriak hurbiletik ezagutu zituen, bere ikaslea izan baitzen Kopenhageko Unibertsitatean. Hortik Hamburg-era joan zen, 1923on irakasle-postua eskuratu zuelarik.

Ikaslea zen artean erlatibitatearen teoriari buruz 200 orritako txostena plazaratu zuenean. Elektroiek duten energi kargaz arduratu zen eta makina bat aldizkaritan eman zituen hipotesi desberdinen berri. 1925ean bere izena daraman esklusioaren printzipioa enuntziatu zuen, hau da, atomo batean lau zenbaki kuantiko berdinak dituzten bi elektroi ezin egon daitezkeela dioen hastapena. Zientzilarien artean, berebiziko eztabaida sortu zuen Pauliren aurkikuntzak eta 1945ean Fisikako Nobel Saria jaso zuen arte ez zen erabat baretu. Edonola ere, Pauliren printzipioa lanabes ezin hobea suertatu zen atomoen kanpoaldeko elektroien ikerketan ari ziren zientzilarientzat, geroago iragarri ziren zenbait aurkikuntzek frogatu ahal izan zutenez.

Nobel Saria berandu samar iritsi bazitzaion ere, Paulik ikertzen segitu zuen. Hogeigarren hamarkadan neutrinoen hipotesiaz arduratu zen. Ordurarte gorputz erradioaktiboek igortzen duten elektroi arrunt azkarra edo beta direlakoen inguruan eztabaida bizia zebilen. Askoren iritziz, beta partikula horien igorpenak zalantzan jartzen zuen energiaren kontserbazio-printzipioa, energia zati bat galdu egiten zela uste baitzen. Paulik galera hori ez zela gertatzen esan zuen, neutrinoen hipotesia zabalduz. Horren arabera, kargarik eta masarik ez duten oinarrizko partikulak askatzen dira beta partikulekin batera eta atzematerik lortu ez bazuen ere, bilaketari ekin zitzaion. Fermik neutrino izenaz bataiatu zuen balizko partikula hori eta 1956. urtera arte itxaron behar izan zuten Pauliren teoria baieztatzeko.

Ordurako Pauli EEBBetako hiritarra zen eta Princentongo Unibertsitatean irakasle gisa egiten zuen lan. Bere bizialdiaren azken urteak Suitzako Zurich hirian eman zituen eta halaber hantxe aurkitu zuen heriok 1958an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia