Patenteak. Aukerak eta mugak
2006/04/18 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
Normala denez, horrelako mugak ulergaitz egiten zaizkio tratamendu baten hartzaile izan daitekeenari. Epaia garbi emango luke: patentearen jabearen jokaera ez da etikoa. Txanponaren bestaldean dago, ordea, asmakuntzak patentatzeko zilegitasuna. Izan ere, zilegi da egindako lanari, eta lan horretan xahututako diruari, etekina atera nahi izatea.
Patenteak eta jabetza intelektualaren gaineko eskubideak arautzekoerakunde nazional eta transnazionalak daude, eta horietan zehazten da zer patenta daitekeen eta nola, zein diren salbuespenak etab. Hala ere, gaia korapilatsua eta konplexua da oso, eta ez da erraza zuri ala beltz esatea. Gainera, Nautika Eskolaren kasuan bezala tartean gizon-emakumeon osasuna dagoenean, eztabaidak drama-ukitua hartzen du.
Patente-kontu hauetan alarma ugari piztu dira bioteknologiaren garapenarekin batera. Adibide adierazgarri bat giza geneak dira. Giza gorputza eta giza gorputzeko elementuak, geneak barne, ezin dira bere horretan patentatu. Baina, giza gorputzetik isolatutako edo prozesu tekniko baten bidez lortutako elementuak, geneak barne oraingoan ere, patentagarriak dira. Patentearen eskaera egitean, sekuentzia genetiko horren aplikazio industriala zein izango den ere zehaztu behar da; alegia, aurkitu izana bakarrik ez da aski patentatu ahal izateko.
Arau horren arabera, nik A genea B teknika erabiliz topatu dudala eta C aplikaziorako erabiliko dudala patenta dezaket, eta beste norbaitek patenta dezake gene bera D teknika erabiliz topatu duela. Baina beste horrek ezin du B teknika erabili A genea eskuratzeko edo C aplikaziorako niri ordaindu gabe. Korapilatsua da, zalantzarik gabe, baina ondorioak ulertzen errazagoak dira. Esaterako, 2001ean Europako Patenteen Bulegoa k Myriad Genetics enpresari eman zizkion bularreko minbiziaren eragiletzat jotzen diren bi generen gaineko hainbat patente, eta gene horietan oinarrituta minbizia detektatzeko testak egiteko aukera mugatu zien gainerakoei. Parisko Curie Institutuak, ordea, kontra egin eta epaitegietara jo zuen, eta hein handi batean lortu du Europako Patenteen Bulegoak atzera egitea. Borroka ez dute oraindik amaitu, patenteetako bati eusten baitio Myriad Genomics enpresak, baina epaiak aldeko izan dituzte gaurdaino.
Horrelako epaiketak ez dira gutxi, eta etorkizunean ugaritu egingo dira seguruenik. Izan ere, giza geneen % 20 patentatuta daude (bi heren enpresa pribatuen esku), eta minbiziarekin lotu diren 291 geneetatik, berriz, 131 daude patentatuta. Hala ere, duela egun batzuk zeresana eman dezakeen bista izan zen Estatu Batuetako Auzitegi Gorenean. Giza gorputzaren kasuan bezalaxe, naturaren legeak edo fenomeno naturalak ezin dira patentatu; haietan oinarritzen den eta haietaz baliatzen den prozesua da patentagarria, baina bien arteko muga ez da begien bistakoa. Hain justu, horren ingurukoa da epaiketa. Auzitegi Gorenak odoleko konposatu baten maila neurtuta B bitaminaren gabezia detektatzeko metodo baten gainean erabaki behar du. Konposatu horren mailaren eta B bitaminaren arteko harremana lege naturala dela argudiatzen du aldeetako batek, eta, ondorioz, horren gaineko patenterik ezin dela egon. Orain arteko epaiketak galdu egin ditu, baina Gorenak arrazoia ematen badio, hautsak harrotuko ditu epaiak.
Berria egunkarian argitaratua