Patarroyo medikuaren taldekoak malariaren aurkako txerto berria ari dira probatzen
2001/07/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Manuel Patarroyo ikertzaile kolonbiarrak malariaren aurkako proteina bat sintetizatu du eta probatzen ari da.
Malaria aspalditik kontrolatuta zegoen gaixotasun tropikala zela uste zen. Hala ere, gaixotasuna sortzen duen bizkarroiak garatu duen irauteko ahalmena dela eta, bi milioi lagun baino gehiago hiltzen dira urtero malariak jota. Gaixotasun tropikala denez, herrialde pobreetan du malariak eragin gehien, eta herri aurreratuetan ikerketa gutxi egiten da arazoari aurre egiteko.
Eltxo batek kutsatzen duen Plasmodium generoko protozooak sortzen du malaria. Protozoo horiek odoleko zelula gorrietan sartu eta horietan hazi eta ugaritu egiten dira, zelulak eztanda egin arte. Orduan, bizkarroiak beste zelula batzuk kutsatzen ditu, eta prozesua berriz hasten da.
Malariaren kontrako botika asko dago. ‘Tradizionalena’ kinina da, edaten dugun ohiko tonika freskagarriaren osagaietako bat. Botika horrek, eraginkortasun handikoa izan arren, albo-ondorio asko ditu, eta, horregatik, beste substantzia batzuk hasi ziren erabiltzen. Baina Plasmodium protozooak botika horiei aurre egiten ikasi du, eta, ondorioz, gaixotasuna gaur egun duela hogei urte baino zailagoa da kontrolatzen.
Manuel Patarroyo mediku kolonbiarrak eta bere lankideek txerto berriak bilatu nahi dituzte malariaren aurka. Azkenekoetako saioetan, Plasmodium falciparum protozooaren MSP-1 proteinaren antzekoa den beste bat sintetizatu dute botika bezala erabiltzeko. Baina jarduera biologikoa egokia izateko, proteina horren kateak jarrera jakin bat hartu behar du. Proteinek ondo tolesten ez badira, ezin diote bere lanari ekin.
Patarroyoren taldekoek oztopo hori ere gainditu dute; behin proteina ondo tolestuta, katearen bi muturrak bata bestearekin lotu dituzte. Gainera, horrek zailagoa egiten dio protozooari proteina desegitea. Beraz, proteina hori txerto berri bat prestatzeko oso egokia izan daiteke.
Oraingoz txertoa tximinoetan probatu da. Kutsatutako protozooak proteinaren bidez markatzen dira, eta sistema immunologikoak suntsi ditzan prest daude. Lehen urratsa besterik ez bada ere, arrakastaz gainditu da. Orain, gizakietan probatu baino lehen, besteak beste, proteina administratzeko bide eraginkorrena aurkitu behar da, eta gero gerokoak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia