}

Partikula berriren bat?

1994/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aurtengo urtean zehar Estatu Batuetan Illinois-ko Argonne National Laboratory erakundeko ikerleek hamar urte argitu gabe daraman enigma bat ebatzi beharko dute. Ioi astunen talkei buruzkoa da arazoa. Uranio ioiek, adibidez, energia handitan izaten dituzten talken ondorioz, 200 protoi eta 300 neutroi inguru dituen superratomoa osatzen da. Atomo ikaragarri horrek ez du segundo-zatiki bat baino irauten, baina hori nahikoa da eremu elektriko eta magnetiko ikaragarriak sortzeko.

Intentsitate handiko eremu horien ondorio bat, hutsean elektroiaz eta bere antipartikulaz (positroiaz, alegia) osatutako pareak eratzea da. Fenomeno txundigarria da, hutsean posibilitate gisa baino ez dauden partikula eta antipartikulak detektatzeko moduan gauzatzen dituelako.

Fenomeno hau lehen aldiz Alemaniako Darmstadt-en detektatu zen 1983.ean. Elektroiak eta positroiak sortzea artean esplikaezina zen, baina igorritako elektroi eta positroien bidez energiaren banaketak gailur bat zuen. Fisikarientzat gailur hori partikula bat eratuz eta segidan elektroi/positroi gisa desintegratuz esplikatzen da. Partikula hori ordea, izatekotan, masa txikikoa litzateke; elektroiarena baino hiruzpalau aldiz handiagokoa (beraz, protoiarena ala neutroiarena baino askoz ere txikiagoa). Baina horrelako partikularik fisikariek beren saiakuntzetan ez dute inoiz detektatu.

Misterioa argitzearren Argonne laborategiko ikerleek detektore bat prestatu dute, ioi astunen talkaz sortutako elektroi/positroi pareak aztertu asmoz. 1993.ean hasi ziren aparatu honekin lanean eta aurten urtea amaitu baino lehen argitu beharko luke auzia. Partikula berria badela egiaztatzen badu, lehen mailako aurkikuntza izango da. Izan ere, jatorriaz eta portaeraz ez dakigu ezer.

Beste hipotesi baten arabera, partikula berririk ez litzateke egongo; elektroiari eta positroiari lotutako eta positronium izeneko egoera baizik. Nola eta zergatik den horrela argitzeke dago ordea.

Hirugarren hipotesia partikula elemental berrian ez eta intentsitate handiko eremu elektromagnetikoan eta hutseko egoera espezifiko batean oinarritzen da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia