Parkinsonaren oinarrietara
2004/05/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hori dela eta, gaitzari aurre egiteko tratamendu gehienek garuneko dopamina-maila igoarazten dute edo dopaminaren hartzaileak kitzikatzen dituzte.
Animalia-eredua
Parkinsonen gaixotasunak gizakion garunean gune jakin batzuetan eragiten du. Substantzia beltza eta gune ildaskatua dira gune horiek, nerbio-sistemaren alde motorrarekin erlazionatutako guneak. Hain zuzen ere, bi gune horien artean dauden neuronak kaltetzen ditu gaixotasunak.
Beraz, Parkinsonen gaixotasuna aztertzeko animalia-ereduak erabiltzen direnean, arratoiak esaterako, gune horietan lesio bat eragiten zaie arratoiei. Horretarako, arratoiaren garunean substantzia toxiko bat injektatzen da. Substantzia hori garunaren hemisferio bakarrean injektatzen da, bestea erreferentzia gisa gordetzeko. Hau da, Parkinsona hemisferio bakarrean eragiten da.
Arratoia hilabetez indarberritzen utzi ondoren hasten dira azterketak. Arratoiaren portaera aztertzen da batetik, kanpotik ikusten diren ondorioak alegia, eta farmakoen eragina bestetik. Farmakoen kasuan, arratoiari botikak eman eta haren garuneko jarduera elektrofisiologikoa neurtzen da, hau da, neuronen aktibitatea. Horrela, gaitzaren eboluzioaren jarraipena egin daiteke gaixotasuna fase goiztiarrean tratatzeko metodoen bila.
Parkinson apala
Gizakian Parkinsonaren sintomak agertzen direnerako, garuneko lesioak oso larriak izaten dira eta lesio horiek ez dute inolaz ere itzulbiderik. Baina, uste denaren arabera, gaixotasuna azkar detektatzea lortuz gero eta neuronak babesteko tratamendu bat aplikatuta, gaixotasunak aurrera egitea galaraziko litzateke.
Horretarako, lehenengo eginbeharretako bat gaur egun erabiltzen diren botikak sakonago aztertzea izango da. Izan ere, gehien erabiltzen den tratamenduak, levodopak, neuronak babestu edo hiltzen dituen eztabaidagai dago. Tratamendu horrek Parkinsonen gaixotasunaren hasierako faseetan zein ondorio dituen aztertzeko, besteak beste, Parkinson apalaren eredua sortu dute Leioan.
Parkinson apalagoa duten arratoiak lortzea ez da batere erraza, garunean injektatzen zaien substantzia toxikoaren dosi zehatza asmatu behar baita. Dosia gutxitu eta Parkinson apala duen arratoia lortu denean, botikak eman eta gaixotasunaren garapenean aldaketarik gertatzen den edo ez aztertzen dute, hain zuzen ere, Leioan. Ikusi denaren arabera, botiken eragina ezberdina da arratoia osasuntsu egon, Parkinson apala eduki edo gaixotasuna garatua egon.
Beraz, ezin da ondorio garbirik atera oraingoz. Gainera, Parkinsonaren kasuan, beste kasu batzuetan bezala, laster hasi beharko da gene-terapiaz edo klonazio terapeutikoaz hitz egiten, adituen ustez horiek izango baitira gaixotasunari aurre egingo dioten tratamenduak.
- Proiektuaren izenburua
Neuroendekapenezko gaixotasunak; Parkinsonen gaixotasunerako tresna terapeutiko berriak. - Helburua
Parkinsonen gaixotasunerako tratamendu farmakologiko eta kirurgiko berrien ekintza-mekanismoak ulertzea. - Zuzendaria
Luisa Ugedo. - Lan-taldea
I. Ulibarri, J. A. Ruiz, T. Morera, L. Grandoso, G. Bilbao, G. Linazasoro, C. Miguelez. - Saila
Farmakologia Saila. - Fakultatea
Medikuntza eta Odontologia Fakultatea (Leioa).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia