}

Panda handia karniboroa eta belarjalea aldi berean

2010/01/17 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Nork ez du ezagutzen panda handia? Itxura goxoa eta maitekorra du, ia-ia peluxezko animalia bat dirudi, eta, ziurrenik, horregatik biltzen du jendearen arreta. Panda espezie kutuna da mundu osoan. Karniboroa da, baina ez omen da haragijalea. Izan ere, landare batekin elikatzen da: banbuarekin, hain zuzen ere. Panda handiaren genomak utzi berri du agerian animalia horren berezko ezaugarri hori.
Jeff Kubina

Beijingo Genomika Institutuko ikertzaileek sekuentziatu dute genoma, eta ikusi dute haragia digeritzeko gene guztiak dituela; ez, ordea, oinarrizko elikagaia duena, banbua, digeritzeko beharrezko guztiak. Izan ere, ez dute aurkitu zelulosa entzimaren generik. Horregatik, zelulosa digeritzeko beharrezkoak ditu hesteetako bakterioak. Gainera, bakterio edo mikroorganismo horiei esker da panda belarjalea. Pandek banbua besterik ez dute jaten. Banbua mantenugaitan urria denez, egunean gutxi gorabehera 14 ordu pasatzen dituzte sabela betetzen pandek.

Horrez gain, ikusi dute haragi-zaporea hartzeko errezeptorearen genea mutatuta dutela. Beraz, litekeena da horrek azaltzea panda karniboroa izan arren belarjalea izatea.

Pandek banbua besterik ez dute jaten ia, eta orduak eta orduak igarotzen dituzte sabela betetzen.
Fernando Revilla

Nature aldizkarian argitaratutako artikuluaren arabera, panda handiak 21.000 gene ditu, gutxi gorabehera. Orain arte sekuentziatu dituzten ugaztunen artean txakurrarekin du antzekotasunik handiena ( % 80). Gizakiarekin, berriz, % 68an besterik ez du antza. Hala ere, pandaren genetikak aldaketa gutxiago izan ditu txakurrarenak eta gizakiarenak baino. Izan ere, motelago eboluzionatu du.

Halaber, ikusi dute dibertsitate genetiko handia duela; gizakiarena baino bi aldiz handiagoa, hain zuzen. Beraz, oraindik ere bizirik irauteko aukerak ditu, populazioa txikia den arren. Gainera, mota horretako ikerketek erabilgarriak behar dute izan espeziearen gaixotasunak kontrolatzeko eta espeziearen kontserbaziorako estrategiak garatzeko.

Galtzeko zorian

Txinan daude panden erreserba handienak.

Pandaren egoera benetan larria da. Azken urteotan, gainbehera egin du populazioak. Gaur egun, 2.500-3.000 panda handi besterik ez dira geratzen mundu osoan; Txina ekialdeko mendietan batik bat.

Ez dira oso animalia ugalkorrak: emeak kume bakar bat izaten du 2-3 urtetik behin. Gainera, panda basatien populazioa erdira jaitsi da azken bi hamarkadetan; beraz, bikotekidea topatzeko gero eta aukera gutxiago dute. Eta zooetara eramaten direnean, are gutxiago ugaltzen dira. Nonbait, sexurako irrika galtzen dute. Horrez gain, urtetan neurriz kanpo ehizatu dituzte. Nagusiki bi arrazoi horiengatik, populazioa asko jaitsi da, eta espeziea berreskuratzeko egindako saiakera askok porrot egin dute, panda handiek ugaltzeko interesik ez baitute azaltzen, besteak beste. Hala ere, ikertzaileek ez dute etsitzen, eta, oraingoan, haren genomaren sekuentziazioarekin, panden kontserbaziorako azken saiakera bat egin nahi izan dute. Pena litzateke eta espeziea galtzea.

Askok WWF erakundearen ikurra delako ezagutuko dute, beharbada, panda (Ailuropoda melanoleuca). Izan ere, animalia horren irudia baliatu du erakundeak jendeari ohartarazteko zenbait espezie galtzeko zorian daudela, eta beharrezkoa dela haiek eta haien bizilekua babestea. Panda handia da horietako bat. Arriskuan edo galtzeko zorian dago, haren bizilekua gero eta gehiago murrizten ari delako eta jaiotze-tasa txikia duelako, besteakbeste. Etorkizun beltza du panda zuri-beltzak.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia