}

Pakearen beldur

1995/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gerrak arriskua uxarazi egiten zuen eta orain, armadak erretiratu ostean, Itsaso Gorrira itzuliko den pake-giroak uste baino kalte handiagoa eragingo ei dio inguruneari. Arriskuari aurre egin nahian, otsailaren hasieran Israelgo, Jordaniako eta Egiptoko ikerlari eta biologoak elkartu egin ziren, Itsaso Gorrirako eta zehazki haren ekialdeko Aqaba golkorako babes-mekanismoak atontzera.

Bilera horretan zabaldutako lankidetza-egitasmoan Saudi Arabiako biologoek ere parte hartuko dutela espero da. Gerra eta pakea izan zuten aztergai. Gerraren ostean, izan ere, turismoak erakarriko duen jende-uholdeak arriskuan jar lezake eskualdeko oreka ekologikoa, neurrigabeko hazkundeak eta kontrolaezinak diren iharduera suntsitzaileak direla medio. Gerrak lortu ez duena pakeak ekarriko ote duen galdezka hasiak dira.

Itsaso Gorriko koralezko arrezifeen etorkizuna jokoan dago.

Aqaba Golkoan daude Itsaso Gorriko koralezko arreziferik handienak eta ikusgarrienak. Azken urteotan gerraren ondorioak pairatu behar izan baditu ere, faunak eta florak uste baino hobeto erantzun omen du. Murgilarien axolagabekeriaren eta turismoak sorraraziko duen poluzioaren beldur dira biologoak.

Lehenari dagokionez, iaz 200.000 urpekari aritu omen zen eskualde horretan, horietatik % 95 babestuta dauden koralezko arrezifetan. Esperientziarik ez duen murgilariak berebiziko hondamendia eragin dezake koral hauskorren artean higitzerakoan. Jakina da, bestalde, abenturaren oroigarri gisa oso preziatuak direla koral zatiak, merkatu oron erraz saltzen den altxorra izanik.

Kostaldean zehar ezarri diren turismo-zerbitzuek jatorrizko fauna eta landaredia arriskuan jarri dute. Algak desagertarazten duen poluzioak koralak eramango ditu berarekin, fotosintesia behar bezala egitea oztopatzen baitu. Itsaso Gorriaren ura, hortaz, bere betebeharrei aurre egiteko gai ez dela izango eta jatorrizko biztanleak hiltzera kondenaturik daudela diote biologoek. Koralezko arrezifeen etorkizuna beraz, jokoan dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia