}

Ozonoa eta zirkulazioa Bilbon (1993-1998)

2000/10/01 Agirre Basurko, Elena | Ibarra Berastegi, Gabriel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Beste hiri askok bezala, Bilbok aire-kalitate arazo handiak ditu, aire-poluzioaren errudun nagusiak zirkulazioaren eraginez sortzen diren ozonoa (O3), nitrogeno-oxidoak (NOx) eta karbono monoxidoa (CO) direlarik batez ere.

Poluzio atmosferikoaren jatorria, zirkulazioan dagoela jakinda, ezinbestekoa da berau kontrolatzea eta garraio-sistemen plangintza egokia burutzea. Horrela, proiektu honetan 1993-1998 urteetan Bilbon pairatutako zirkulazioaren eta ozonoaren bilakaera aztertzen dira.

Zirkulazioari dagokionez, Bilboko Udalak zirkulazioa aztertzeko 140 gune dauzka. Gune batzuetan neurgailuek datu gutxi jaso zituztenez, gure azterketa 36 neurketa-gunetara mugatu da.

Zirkulazio-neurketek bi datu desberdin ematen dizkigute: batetik, ibilgailuek galtzadan iragandako denboraren portzentajea, eta bestetik, hamar minuturo neurketa-gune bakoitzetik pasatzen den ibilgailu-kopurua.

Meteorologia eta airearen kalitateari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak Bilboko metropoli-barrutian duen sarea erabili da. Sareak meteorologi parametroak neurtzeko 13 neurketa-gune eta aire-kalitatearen parametroak neurtzeko 26 gune ditu. Datu hauetan, ozonoaren joerak zehazteko, garrantzizkoa da meteorologi efektuak ezabatzea, eta horretarako Kolmogorov-Zurbenko iragazkiak erabili ditugu.

Gure lana Bilbora mugatzen denez, Elorrieta, Txurdinaga eta Mazarredo neurketa-guneetako datuak erabili ditugu, beraiek baitira zirkulazio, meteorologia eta aire-kalitateari buruzko datuak aldi berean jaso zituzten neurketa-gune bakarrak.

Bai zirkulazio, bai aire-kalitateari buruzko datuak aztertuz, bi analisi desberdin egin ditugu.

Alde batetik, urte osoari buruzko analisia burutu da. Urteko analisi honetan, urte osoko batez besteko ozonoaren eta zirkulazioaren bilakaera izan dira aztergai.

Ikusi denez, 1993, 1994 eta 1995. urteetan zehar ozonoaren produkzioan eragiten duten emisioek urtetik urtera gora egin zuten. Aldiz, 1995. urtearen bukaeratik aurrera joera alderantzikatu egin zen, 1996.ean ozono-mailak jaitsi egin zirelarik. Hala ere, 1997.ean, ozonoaren produkzioan eragiten duten emisioek gora egin zuten berriro (Elorrietan izan ezik), ozono-mailak ere 1998.etik aurrera goraka eginez.

Zirkulazio-datuei dagokienez, 1993-1996 urteetan, barne-zirkulazioa % 5 murriztu zen, seguruenik Metroaren eraginez. Kanpotik sartutako zirkulazioa aldiz, ugaritzen joan da eta gero-eta ibilgailu gehiago sartzen da Bilbon.

Beraz, 1997.etik aurrera, ozonoaren aitzindarien emisioak eta ozonoaren mailak gora egin dute. Metroaren ondorioz barneko zirkulazioaren murrizketa eta ozonoaren aitzindarien emisioen jaitsiera nabaritu ziren, baina azken urteetan, 1993-1994 urteetako goranzko joera ageri da berriro, orduko mailak gaindituak izan direlarik. Metroaren ondoren azaldutako beherakada guztiz desagertu da eta Bilboko zirkulazioaren goranzko joera zuzentzen ez bada, datozen urteetan gero eta ozono-maila handiagoa izango dugu.

Beste alde batetik, aste barruko egun bakoitzean gertatzen dena aztertu da, eta asteburuko efektua nabarmena da. Asteburuetan, zirkulazioa gutxitzeagatik ozonoaren aitzindariak murriztu egiten dira, baina ozono-mailek gora egiten dute. Arrazoia ondokoa da: ozonoaren aitzindari diren nitrogeno oxidoa (NO2) eta osagai organiko lurrunkorrak neurri berean gutxitzen ez direnez, ozonoaren produkziorako oreka apurtu egiten da, eta ondorioz, ozono gehiago ekoizten da.

Lan honen bukaera gisa, arnasten dugun airearen kalitatea guztion kezka delako, autoaren erabilera murrizteko garraio-sistema egoki baten premia azpimarratu nahi dugu, gaur egun zirkulazioa baita Bilboko aire-poluzioaren errudun nagusia. Ozono-mailaren urtez-urteko bilakaera (1993-1997). Ozono-maila asteko egunaren arabera, Txurdinagan (1993-1998)

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia