Ozono-geruzaren zuloa txikitu eta erdibitu egin da
2002/10/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
1979az geroztik, NASAk eta AEBetako Ozeanoen eta Atmosferaren Administrazioak ozono-geruzaren mugimendu guztiak aztertu dituzte. Azken 6 urteetan egonkorra izan da zuloa, 24 milioi kilometro karratutako zabalera izan du, baina azken hilabetean orain arte inoiz ikusi gabeko aldaketak gertatu dira.
Irailaren hasieran, zuloaren forma aldatu eta luzexka bilakatu zen. Azken bi asteetan, zuloa etengabe txikitzeaz gain –2 milioi kilometroko zabalera bakarrik izatera heldu arte–, bi zatitan banatu da. Zuloetako bat Afrika aldera mugitu da eta bestea Hego Ameriketara.
Zuloaren aldaketa horien guztien sortzaileak olatu atmosferikoak omen dira. Olatu horiek Lurreko eguraldiaren aldaketen erantzuleak dira eta goi-atmosferan ere eragiten dute. Aurten olatuen eragina azken urteetan baino handiagoa izan da; estratosfera berotu delako ondorioztatu dute hori meteorologoek.
Estratosfera berotzeak ozonoa zulatzen duten gasen eragina txikiagotzen du, gas horiek ozonoarekin erreakzionatzeko beharrezkoak diren izotz-partikulak ez direlako sortzen. Hala ere, adituek segituan esan dute aldaketa hori guztia aldi bateko efektua bakarrik dela. Olatu atmosferikoen joera aldatzearekin batera aldatuko da ozono-geruzaren itxura, eta atmosferan ozonoa hondatzen duten gasak dauden bitartean bertan jarraituko du zuloak ere.
Ozono-geruzaren zuloaren aldaketak ikusteko, egin klik hemen
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia